PROPOSAMENAK
Uda lasai hartzeko parada

Aurten ere FestiLasai jaialdia itzuliko da, musikari eta arteari lekua eskaintzeko betiko xedearekin. Hamaseigarren aldirako, zortzi kontzertu antolatu dituzte Miarritzen (Lapurdi). Festibala guztientzat pentsatua da, baina 2.000 pertsonaren mugarekin, hala ere. Orduei dagokionez, eremuaren ateak 18:00etatik 02:00etara irekiak izanen dira gau bakoitzean.
Urtero bezala, FestiLasai laguntzaile talde baten inguruan antolatua da. Guztira, ehun inguru arituko dira bi egunez eta gauetan lanean. Ostatuan, jantokian edo sarreretan, eremu osoan barreiatuak izanen dira. Bada ere laguntzailerik Lapurdiko festibala urte osoan antolatzen duenik.
Balio zehatzak
Bi egunetan, zenbait balio eta helbururen defenditzeko xedea dute antolatzaileek, zeinek festibalaren arima osatzen duten: «Miarritze hiriaren animazioan azkarki parte hartu; Euskal Herriko, edota nazioarteko musika, skatearen eta artearen inguruko artisten nahasketa sustatu; eta publikoaren aniztasuna segurtatu».
Eko-festibal baten aldarria ere egiten dute antolatzaileek: «Kontsumotik hasita, hondakinen ekoizpena mugatzera engaiatzen gara: basoberri, janari etiko edo birziklapenari buruzko zinezko indarra bitarteko, festibal ekologiko baten alde egiten saiatzen gara».
Asteburuko aniztasuna
Karrikako arteari ere garrantzia eman nahi diote FestiLasaien. Urte guztiz, hainbat artista deitzen dituzte, haien obrak festibalaren eremuan erakuts ditzaten. Izan obra bat edo adierazpen artistiko bat, helburua da artearen erakustea eta hedatzea. Antolatzaileen arabera, «grafititik eskulturara, Euskal Herriko eta nazioarteko artista anitz» hartzen dituzte aintzat.
Festibal denboran, skatearen praktikari ere lekua ematea pentsatu dute. Azken urteetan, kostaldeko bizimoduari lotu zaion praktiketako bat da skatea, surfa eta hondartzaren artean. FestiLasaieko antolatzaileen ustez, skatea «ez da ahantzi behar». Hala, itsas bazterretik hurbil den skate parke estaliari esker, praktika «ausarki garatzea» espero dute.
Festibalak zortzi kontzertu izango ditu: gaur lau izanen dira, eta bihar beste lauak. Lehen egunean, Willis Drummond, Sega Sound Killers, Ko Shin Moon eta Gezi taldeek okupatuko dute eszena. Bihar, berriz, A.S.M, Throes eta The Shine, Pog Mahone eta David Cairol taldeen aldi izanen da festibalarien dantzaraztea. Euskal musikatik ingeles musikara, frantses musikatik pasatuz, FestiLasaiek helburua argi du: «Bertako artista eta nazioarteko artisten nahastea, programazio joriari esker».
Prezioen aldetik, eguneko txartela 10,85 euroan da; eta bi eguneko pasea, berriz, 21,70 euroan. Interneten erosten ahal diren bi eguneko txartelen %91 saldua izan da. Lekuak geldituz gero, txarteldegia gaur irekiko dute 17:00tan.
FestiLasai festibala
Gaur eta bihar, Miarritzen (Lapurdi).
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.