PROPOSAMENAK

Historiaurrea zeharkatzen

Izturitzeko eta Otsozelhaiko harpeek denboran bidaiatzeko aukera ematen diete bisitariei, Izturitzen. 2023an, 70 urte beteko dira leizeak monumentu historiko izendatu zituztenetik

Otsozelhaiko harpeko estalaktita eta estalagmita ikusgarriak. C. LEVILLAIN.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Historiaurreko unibertsoa, mirari geologikoa, gune kultural eta zientifiko bikaina». Halaxe deskribatzen dituzte Izturitze eta Otsozelhaiko harpeak, haien webgunean. Leize zuloak Donamartiri herrian (Nafarroa Beherea) daude.

Naturak, historiak eta geologiak leku zentrala dute Izturitze eta Otsozelhaiko harpeetan, leizeak denboran geldituak izan balira bezala. 1953tik geroz, monumentu historiko gisa sailkatuak dira. Urtero, milaka jende joaten dira urteak zeharkatu dituen mirari horren bisitatzera.

Bisitariei ordu bateko bisita gidatua proposatzen zaie, garaiko giroaz jabetu ahal izateko, eta deskubrimendua detaile historikoz eta zientifikoz aberasteko.

Urteetako ikerketak

1896an, lehen aldiz, fosfato ustiaketan ari zirela eta, antzinako objektuak atzeman zituzten, eta historiaurrea aztertzen zuten adituen interesa piztu zen, bai eta leizeen jabeena ere.

1912tik 1923ra, Emmanuel Passemardek 300 metro koadro miatu zituen, eta leizeko lehen estratigrafia arkeologikoa ezarri zuen. 1928tik 1959ra, Saint Perierko kondeek Izturitzeko aztarnategi arkeologikoaren ustiaketa zientifikoari heldu zioten; 1950eko hamarkadan, Georges Laplace gehitu zitzaien, eta Laplacek berak bultzatu zituen labar arteko ikerketak. 1996an, ikerketetan pausa bat egin ondotik, ikerlariak berriz lotu ziren gaiari. Jabeek eta Akitania Eskualdeko Arkeologia Zerbitzuak proiektua bultzatu zuten. Hiru urtean, diagnostiko arkeologikoa egin zuten.

Kopa estratigrafikoak, hau da, geruza geologiko edo estratuen hurrenkerak hamar geruza arkeologiko baino gehiago ditu, bitan banatuak: Erdi Paleolitoa eta Goi Paleolitoa.

Izturitzeko arte higigarria ezin ukatuzko aberastasuna da; aurkitu diren antzeko objektuen kantitatea harrigarria da. Izturitzeko historiaurreko gizakiek «seriean» lan egiten zuten gehienbat; halaxe sortzen zituzten plaka grabatuen serieak, makila erdi biribilduak, txirulak eta abar. Originaltasun estilistiko horregatik eta sorkuntza horien kalitateagatik bilakatu dira erreferentziazko artefaktuak.

Otsozelhaiko harpea

Otsozelhaiko harpea Izturitzekoenetik hamabost metro beherago dago. Santutegi harpea da, eta denboraren eskala milioika urtetan zenbatzen da. Barnean, historiaurrearen presentzia azkarra sentitzen da, galeria, zeinu eta zizelkaduren bitartez. Hango Laplace galeria astean behin soilik bisitatu daiteke, kontserbazioagatik.

Arteak leizeetako paretetan, sabaietan eta zoruetan egin du bere lekua. Pinturak, marrazkiak, eta zizelkadurak gorde dira gaurdaino.

Prezioei begiratuz, bisita gidaturako sarrera 12 eurokoa da helduentzat, 8 eurokoa 12 eta 17 urte arteko gazteentzat, eta bost eurokoa 4 eta 11 urte arteko haurrentzat. Bi heldu eta hiru haurreko familiek 35 euroko prezio orokorra ordaintzen dute, eta, hogei pertsonako taldeekin, berriz, oinarrizko prezioak apaltzen dira.

Izturitze eta Otsozelhaiko harpeak

Azaroaren 15era arte, egunero bisitatu daitezke, Nafarroa Beherean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.