Garazi, berriz dantzari

Donibane Garaziko bestak itzuliko dira bihartik astelehenera, bi urteko etenaldiaren ondoren. Kontzertuak, txarangak, afariak eta dantzaldiak izanen dira hiru egunez

Donibane Garaziko bestak 2019an iragan ziren azken aldiz; bi urteko etenaldiaren ondotik itzuliko dira. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Donibandarrak bestara itzuliko dira aurten, hiru eguneko programazio batez osatutako besten karietara. Bihartik astelehenera arte, hots, abuztuaren 15eko gauera arte, musika entzuten ahalko da herrian zehar, eta dantzariek karrikak beteko dituzte. Astelehenean, Andredena Mariaren besta eguna izanen da, eta gehiengo batek ez baitu lanik eginen, Donibane Garaziko bestak aste hasierara arte iraunen dute, larunbatean hasirik, ostiralean izan beharrean.

Bestetako hiru egunak Donibane Garaziko Herriko Etxeak antolatu ditu, besta komiterik ez baita gehiago azken urteetan. Bihar, 11:00etatik goiti, asteburuko lehen kalejira abiatuko da, bestei hasiera emateko. Ber orduan, herriko besten historiari buruzko mintzaldi bat emanen da herriko etxean, eta, 18:00etan, kantu poteoa karrikaz karrika ibiliko da, Gogotik taldeak alegeraturik.

Biharamunean, igandean, elkarteen eguna izanen da. Astelehenean, bukatzeko, asteburuko azken kalejira iraganen da herrian zehar, eta Garazi Kantuz taldea entzuten ahalko da goizeko mezatik ateratzean. Besten bukaera ofiziala suziri batek markatuko du, 23:00etan. Asteburu osoan, eraso sexisten aurkako kanpaina bat eginen dute antolatzaileek.

Jadanik herriko bestetako zapi edo lepokoak aurki daitezke herriko ostatu eta saltegietan.

Elkarteen eguna, euskaraz

Aurten, lehen aldiz, Donibane Garaziko GAGA gaztetxeak ere programa bat proposatuko die bestazaleei, ikastolarekin eta Harrera elkartearekin batera. Gaztetxeko kide Kattalin Perrierek azaldu duenez, «Garaziko Herriko Etxeak elkarteen egun bat antolatzea pentsatu du, Garazin ez baita gehiago komiterik, eta egun hori betetzeko».

Gaztetxekoek jadanik pentsatu zuten bestetan parte hartzea, «manera batez edo bestez». Herriko Etxeak igandeko eguna betetzeko laguntza behar zuela ikusirik, gazteek «aukera ona» ikusi dute hor. Batetik, herrian haien «lekua egiteko» parada dela adierazi du Perriek, eta, bestetik, haiek ere «gauza interesgarriak» antolatzeko gai direla erakustekoa.

Azaldu du gaztetxeak eremu berri eta alternatibo baten sortzeko xedea duela: «Esperantza dugu euskara Garaziko bestetara zabaltzea, eta, antzerkia ere euskaraz izanen baita, pentsatzen ahal da jende euskaldun bat bilduko dela gure ekitaldietan».

Programazioa dela eta, igande eguerdian, Harrera elkarteak presoen bazkaria antolatuko du, eta, 20:00etatik goiti, Donibane Garaziko ikastolak taloak proposatuko ditu Andoni Ollokiegik alaitutako tarte batean. Ondotik, 21:00etatik goiti, GAGAren aldi izanen da. «Lehenik, Antton Lukuk idatzitako Antso Azkarra edo Miramamolinen Esmeralda antzerkia aurkeztuko da. Gero, 00:00an, Kontrabanda taldeak joko du, eta, bukatzeko, DJ Üzkülüzek segida hartuko du goizeko bietatik goiti». Ekitaldi guztiak Donibane Garaziko merkatu estaliko eremuan iraganen dira.

Perrierrek oroitarazi nahi izan du gaztetxeak gaualdiak antolatzen dituela udako ostegun guziz.

Donibane Garaziko bestak

Bihartik astelehenera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.