PROPOSAMENAK

Dantzaz beteriko festak

Martxan dira Laudioko San Roke jaiak, Jabier Artetak txupinazoa bota eta agurra irakurri ostean. Bi txandatan egingo dituzte jaiak: lehen txanda, bihar arte; ondoren, hilaren 24tik 28ra

Jendetza bildu ohi da festen hasieran Laudion. LAUDIOKO UDALA.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Dantza eta musika artean abiatu dira sanrokeak Laudion (Araba). Atzo hasi ziren jaiak, 12:00etan Jabier Artetak suziria bota ondoren. Jarraian, herriko kaleetan gora eta behera, festen aurreneko kalejira egin zuten laudioarrek, erraldoi eta buruhandien laguntzaz. Egun osoan hainbat kontzertu eta ekintzaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, eta, gaur, gogoz jarraituko dute festarekin.

Goizean goizetik, musikak girotuko ditu Laudioko kaleak, San Roke egunean. 09:00etan, kalejira egingo dute Lankaietako Lagunak txistulariek, eta, ordubete geroago, Ekin Joleak taldekoek. 11:00etan, dianak egingo dituzte, lo geratu diren horiek esnatu, etajai egun berria hasi dela ohartarazteko. Ordu berean izango da eguneko lehenengo entzierroa, eta 12:30ean bigarrena. Azken hori amaitu eta gero, bigantxak egongo dira 16 urtetik gorakoentzat.

Goizean, talde eta peƱekin batera, kaleak musikaz eta kolorez beteko dituzte herritarrek. 14:30 aldera, txosnetan bilduko dira, herri bazkaria egiteko. Sabela bete, eta, 16:00etan, berriz ekingo diote arabarrek dantzari. Lehenik disko festan, eta geroago erraldoi, buruhandi eta txistulariekin batera.

Euskal dantzek ere beren lekua izango dute jaietan. Itxarkundia dantza taldeak Alberto Acero plazan antolatu dituen euskal dantzen lehiaketak bi izango dira: 18:00etan aurresku lehiaketa, eta 19:00etan fandango eta arin-arin dantzena.

Arratsalde osoa dantzan eman ostean, herritarrek berriro ere indarra hartzeko parada egingo dute. San Roke ermitan elkartuko dira, 20:00etan, barbakoaz gozatzeko. Berrindartuta, Lamuza parkean disko dantzan arituko dira ume zein heldu; eta, eguna amaitzeko, zezensuzkoak aterako dira herriko plazara.

Dantzatu eta abesteko gogoarekin geratzen direnek Chica Sobresalto eta Doctor Deseoren kontzertuez gozatzeko aukera izango dute plazan bertan, 23:00etatik aurrera. Bien bitartean, txosnetan, Las Sexpeare, Erroka eta Gora Etorri taldeak arituko dira jotzen.

Aurpegi ezagunak jaietan

Laudio Arabako herri ezagun bat izan arren, Euskal Herriko hainbat txokotan guztiz ezezaguna da. Hala eta guztiz ere, Laudiok behin baino gehiagotan frogatu du hango jaiak edozein euskal hiriburutakoak bezain onak izan daitezkeela. Izan ere, asko dira egunotan Laudiotik igaroko diren aurpegi ezagunak. Zea Mays hanegongo da bihar, esaterako. Hurrengo egunetan ere kontzertu handiak eskainiko dituzte herrian zenbait taldek: Depistaos taldeak, abuztuaren 24an; La Pegatinak, 25ean; eta La Oreja de Van Goghek, 26an.

Iluntzera arte dantzan eta abesten ibili ostean, abuztuaren 28an, Cofradiaren eguna deritzonean, amaituko dira jaiak. 23:30ean Laudioko BHItik irtengo da jaien azkenengo kalejira, eta Roketxu panpina erretzearekin batera amaituko dira Laudioko festak.

Laudioko sanrokeak



Laudion (Araba), gaur eta bihar; eta abuztuaren 24tik 28ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.