PROPOSAMENAK

Euskal mitologiaren ibiltokia

Euskal kulturako kondairak gai hartuta, 'vogue' erakustaldi eta txapelketa eginen dute Burlatan. 'Voguing' kultura ikusarazi nahi dute. Atzerriko 'ballroom' eszenako kideak ere ariko dira

Anunnaki etxeko vogue dantzariak Iruñeko Alde Zaharrean, joan den urrian, Labak antolatutako bestan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Irudikatu ibiltoki luze bat, erritmo biziko musika eta laminak, Basajaun, galtzagorriak edota Mari jantzi ederrak erakusten eta dantza akrobatikoak egiten epaimahai baten aitzinean. Halako esperientzia mistiko bat izanen da bihar Burlatan (Nafarroa), Anunnaki etxeak kiki ball deitutako vogue erakustaldi eta lehiaketa antolatu baitu. Euskal kultura eta mitologiaren gaiaren bueltan antolatu dute The Local Legendskiki ball-a.

Laugarren aldia da Nafarroan kiki ball bat antolatzen dutela. Poliki-poliki ballroom kultura zabaltzen ari da Anunnaki etxea, eta geroz eta jende gehiagorengana ailegatzen. «Ballroom-ari eta vogue-ari Iruñerrian lekua emanez jendea erakartzen ari gara; Bilbo, Gasteiz eta Donostiako jendea ere hasi da etortzen. Ahalik eta urrutien ailegatuko den uhin bat sortu nahi dugu», azaldu du Anouar Merabetek. Hura da Anunnaki etxeko ama, baita ekitaldiaren antolatzailea ere, Asier Rikarte burlatarrarekin batera.

Argi esan du zein den ekitaldiaren zentzua eta oinarria: «Ballroom-a pertsona arrazializatu transek sortu zuten LGTB kolektiboko jendeak tokia izan dezan bere burua askatzeko eta ikusarazteko». Ekitaldian ballroom eszenan ari den jendeak parte hartuko du, bertakoak eta atzerrikoak. Lehiaketa irekia da; beraz, nahi duenak izena eman dezake. Honako hauek izanen dira kategoriak: beginners runway, europar eta amerikar runway, MF realness, FF realness, face OTA, hands performance with a propo, body OTA, bizarre, begginers performance, performance OTA, lip synd eta vogue to everithing.

Haietako batzuetan janzkera arauak izanen dira, eta gehienetan euskal mitologiako pertsonaiak izanen dira parte hartzaileen inspirazio iturri: laminak, Basajaun, Mari, Amalur eta galtzagorriak. Burlatako kultura ere kontuan izan dute: jaietako janzkera eta inauterietako pertsonaiak: zorrotzak eta muxinariak. «Beste kultura batzuetako parte hartzaileei eskatu diegu haien kulturari lotutako zerbait eraman dezaten, interesgarria delakoan», esan du Merabetek.

Adiskideen arteko lehia

Kiki ball bat lehiatzeko gune bat da, baina ez nolanahikoa: «Adiskideen arteko txapelketa da, eta gazteei bideratua batik bat. Beraz, ez da hainbeste exijitzen eta ez da hain gogor epaitzen». Epaimahaia ballroom eszenan aritzen diren kideek osatzen dute, eta kategoria bakoitzean landu beharreko elementuak eta teknikak ongi ezagutu behar dituzte. Burlatako hiru epaileak New Yorketik, Paristik eta Madrildik etorritakoak dira. Lehiaketa honetan ez dago sari ekonomikorik, baina horrelakoetan trofeoek «aitortza» ematen diete etxeei. «Etxerik gabeko kideak begiz jotzeko ere baliatzen dituzte amek».

Ekitaldia Burlatan eginen dute, Anunnaki etxeko zenbait seme-alaba bertakoak baitira. Han «gatazka transfoboak eta homofoboak» izan dituztela salatu du Merabetek: «Garrantzitsua iruditu zitzaidan gure kultura hau toki horretara eramatea, ikusgai izateko». Udaletxearen aurrean izanen da, eta sarrera, doakoa.

'The Local Legends kiki ball'



Bihar, 19:00etan, Burlatako Larrainetako plazan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.