PROPOSAMENAK

Aurten berriz kalea da oholtza

Gaurtik igandera bitarte, eta urriaren 22an eta azaroaren 27an ospatuko dute Atauri Art kaleko antzerkien jaialdia. Gaur arratsaldean 'Somos la ley' ikuskizunarekin hasiko da

Atauri Art jaialdiaren 11. aldia hasiko dute gaur Ataurin (Araba). ATAURI ART.
unai etxenausia
Atauri
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Urtero legez, udako ikuskizunez beteta dator Atauri Art jaialdiaren 11. aldia. Atauriko (Araba) Arratiandi kultur elkarteak eta Bapatean Zirkok programazio zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa prestatu dute aurten ere. Beraz, gaurtik igandera bitarte, eta urriaren 22an eta azaroaren 27an artistek beteko dituzte kaleak. Ataurin ez ezik, Maeztun (Araba) ere emanaldiak izango dira.

Atauri Art umorea ardatz duen pailazoen zirku eta kaleko antzerki jaialdi bat da. Ataurin hasi zen, Arabako Mendialdeko herri txiki batean, 2012ko irailean. Kultur jarduerak bultzatzeko asmoz, kale antzerkiak eta askotariko zirku proposamenak ekarri dituzte urtero. Azken bi urteetan, jaialdiaren kokalekua aldatu behar izan dute. Aurten Arabako Mendialdera itzuli da berriz. Hala, Arabako Mendialdeko ekitaldi garrantzitsuenetakoa bihurtu da azken urteotan.

Barsanti Teatro konpainiaren Somos la ley ikuskizunarekin irekiko dute gaur aurtengo egitarau berritua, 19:00etan, Ataurin. Biharkoa izango da egun handia, hiru emanaldi izango baitira: bata Ataurin eta beste biak Maeztuko Zumalde parkean. Odei Arregi ipuin kontalariak emango du biharko lehen ikuskizuna, 12:00etan, Ataurin. Ondoren, 18:00etan, Ara zirku ikuskizuna aurkeztuko du Andrea Rios artistak. Barre konpainia izango da biharko azkena, eta Nao-Now-Nau ikuskizuna aurkeztuko du,19:30ean, Zumalden. Azkenik, etzi, Indartsuak emanaldia aurkeztuko du Zirko Txoko konpainiak, 18:00etan, Ataurin.

Ez da ezer aldatu

Hogei biztanle pasatxo dituen herri batean jaio zen eta garatu da jaialdia. Halere, 11 urte hauetan jaialdiak bilakaera nabarmena izan du, batez ere formatuari dagokionez eta ikusle kopuruari begira. Halere, antolatzaileek 2012an ezarri zituzten helburuak ez dira aldatu, eta 11 urte geroago mantentzen dira.

Izan ere, artea eta ikuskizunak Arabako herri txikietan zabaltzen saiatzen dira antolatzaileak; erakunde publikoen kultura jardueren zirkuituetatik kanpo geratzen diren herrietan, hain zuzen.Mendialdeko kultura eskaintza zabaldu nahi dute, herri txikietara hurbildu, eta hainbat gai gizarteratu; betiere euskara eta berdintasuna zeharka landuz, eta auzolana zein lankidetza elementu nagusi gisa mantenduz.

Herrien arteko elkarlana ere garrantzitsua eta nahitaezkoa da jaialdiak aurrera egin dezan. Aurten, esaterako, Mendialdeko Ogia okindegiak pizzak banatuko ditu bertaratutakoen artean. Bihar, berriz, Zukaldari taldeko kideek burger bereziak prestatuko dituzte.

Finean, kultura sustatzeko beste modu batzuk badaudela erakutsi nahi dute antolatzaileek, etaagerian utzi landa eremuko herri txikietan ere gauza interesgarriak egin daitezkeela. Aurreko jaialdietan lortu dute jendea ikuskizunetara joatea, eta aurten ere helburu berarekin antolatu dute11. jaialdia.

Atauri Art jaialdia

Gaur eta bihar, Ataurin eta Maeztun (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.