Astroturismo eta zientzia turismo jardunaldiak dira Leringoak, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte bihar hasi eta igandera bitarte: mahai inguruak, ibilaldiak, jarduera gastronomikoak, tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak... eta, nola ez, behaketa astronomikoak. Jarduera horietan zenbait zientzialarik parte hartuko dute, baita zientziaren alorreko erakunde batzuek ere, tartean, Iruñeko Planetarioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak.
Proiektuaren oinarrian zerua zegoen. Lehenbizi argi kutsadura gutxitzeko neurriak hartu zituzten, eta horretarako karrikak argiztatzeko proiektu bat egin zuten. Kutsadura murriztuta, zeru garbiagoa lortu zuten, eta horren ondorioz eskuratu zuten Startlight fundazioaren ziurtagiria. Jardunaldiek herriak duen indargune hori bultzatu nahi izan dute, betiere zientziaren dibulgazioa eta zabalpena ipar: «Egun hauetan jende anitz etortzen da herrira; oso ekitaldi garrantzitsua da. Ez da turismo masiboa; lasaia da, kulturaren ingurukoa eta formakuntza sustatzen duena», azaldu du alkateak.
Gainera, jardunaldiek beti dute lotura estua herriko proiektuekin. Aipatu bezala, argi kutsadura txikitzea lortu zuten. Aurten herritarren zientzia proiektu bati helduko diote: «Proiektu hau Leringo pinudien kudeaketa eta zaintzari lotuta dago. Pinudi hauek sekulako ondarea dira guretzat». Proiektu horretan Blanca de Navarra ikastetxea ere sartuta dago. «Herritarrentzako proiektuak dira, eta beti daude inguruari lotuak».
Aurtengo jardunaldietan etikaren gaia landuko dute: «Adimen artifizialak, teknologiak eta zientziak gure egunerokoan nola eragiten duen aztertuko dugu», kontatu du Otxoak. Bihar eginen dute gai horri buruzko mahai ingurua, 20:15ean, herriko frontoian. Etzi adimen artifizialari buruzko tailer bat eginen dute, eta larunbatean zientziak eta teknologiak Lerin nola aldatuko duten iragartzen saiatuko dira. Izarrak ikusteko hitzorduak bihar eta larunbatean izanen dira, 23:00etan. Musika eta astronomia uztartzen dituen kontzertu berezia etzi eginen dute, ordu berean, Cazorla gotorlekuan.
Izarrak, Leringo bereizgarri
Alkateak uste du urtetik urtera esponentzialki handitu direla jardunaldiak, eta herriari nortasuna eman diotela. Inguruko herriak ezagunak dira produktu gastronomikoengatik; Lerin, izarrengatik izatea nahi dute.