Mutazio betean dagoen planeta baten etorkizuneko landareei buruzko gogoeta egin al duzu inoiz? Galdera horri erantzunez, landareek daukaten garrantziaz arituko dira Gasteizko Artium museoak udan eskaintzen duen Etorkizuneko landareak lantegi irekian.
Museoak gaztetxoenak hezitzeko premia dauka; horregatik, 5 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako lantegia da, nagusi batek lagunduta beti. Familia talde osoan aritzeko ekintza ezin hobea da. Lantegiaren helburua da artearekin eta kultura garaikidearekin lotuta dagoen gozamen denbora eskaintzea. Horretarako, parte hartzaileek, hezitzaileekin batera, Artiumeko lorategia bisitatzen dute. Bertan dauden landareak ikusten dituzten bitartean, haien ezaugarriak, zer zainketa behar duten, eta zer erabilera izan ditzaketen ikasten dute. Behin landareak ezagututa, lantegira abiatzen dira jarduera osatzeko. Hainbat materialen eta tresnaren bitartez, ikasitakoarekin zein irudimen propioarekin, alegiazko landareak sortzen dituzte. Bukatutakoan, sorkuntza guztiak batzen dituzte «alegiazko basoa» osatzeko.
Dibertitzeari zein hezitzeari denbora eskaintzeaz gain, hausnarketari ere bere lekua utzi diote. Puri-purian dauden ingurumen gaiei buruzko ideiak ezagutarazteko denbora utziko dute ikastaroan zehar: hala nola klima aldaketaren inguruko pentsaerak, naturako gertaera ezezagunen aurreko jokabideak...
Lantegirako sarrera librea da, eta ez dago lehenago izena eman beharrik. Iraileko lehenengo egunera arte egongo da abian, asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era, Artium museoan.
Lorategia zutabe
Museoarentzat lorategiak berebiziko garrantzia dauka, artea eta natura bereizten dituen lerro mehearen inguruan hausnartzeko espazioa baita. Lorategia zaintzeko lantegia egiten dute ostiralero 17:30ean, eta ortuari buruzko ezagupenak dituen edota ikasteko eta laguntzeko denbora eta gogoa daukan edonorentzat da.
Bestalde, Lorategitik izeneko bisita gidatua eskaintzen dute; izenak berak dioen bezala, lorategitik abiatzen den bisita gidatua da, eta museoaren erakusketa eskaintza osoa ezagutzeko ibilbidea egiten da. Doako jarduera da, eta asteazkenetan zein igandeetan egin daiteke bisita, 12:30ean, abuztuan eta irailean zehar. Erreserbak artium.eus webgunean edo 945-90 20 90 zenbakira deituz egin daitezke.
Jarduerez gain, museoak hainbat erakusketa dauzka martxan: Bilduma hau Colección. Oinarrizko mugimenduak eta Everything Near Me dira bi. Museoa asteartetik ostiralera bitartean dago zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, berriz, 11:00etatik 20:00etara. Sarrera orokorrak bost euro balio du, baina doan da arratsalde guztietan zein igandeetan. Gainera, 14 urtez azpikoentzako, ikasleentzako, langabetuentzako, pentsiodunentzako zein 65 urtetik gorakoentzako sarrera beti da librea.
Etorkizuneko landareak
Asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era, Artium museoan. Irailaren 1era arte.
PROPOSAMENAK
Alegiazko basoa eraikitzen
Artium museoak jarduera bat antolatu du haurrek landareen inguruan ikas dezaten. Auzolanari esker, espazio berdea eraiki dute museoan bertan. Lorategia hainbat ekintzaren abiapuntua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu