Albistea entzun

Aitzindaria bizirik dago

'Sustatu.eus' webguneak hogei urte bete ditu euskara eta teknologia berriak uztartzen
<em>Sustatu.eus</em> webguneko zenbait web orriren itxura.
Sustatu.eus webguneko zenbait web orriren itxura. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2021eko azaroak 24

Aitzindaria izan zen Sustatu.eus. Euskara uztartu zuen teknologia berriekin eta Internetekin. Gaur egun ohiko eta ia ezinbesteko bihurtu diren teknologien eta Interneteko joeren, aplikazioen eta terminologien berri ematen hasi zen, euskaraz, duela hogei urte, 2001eko azaroan (Sustatu.com zen orduan). Hogei urte geroago, teknologiak eta Internetek garatzen jarraitzen dute, eta horien berri ematen jarraitzen du Sustatu.eus-ek. «Teknologiak eta euskarak bat egiten duten bidegurutze horretako albistegi bat da», definitu du Luistxo Fernandez editoreak.

CodeSyntax enpresak eta Goienak sortu zuten Sustatu.eus, baina CodeSyntax arduratzen da webguneaz gaur egun. Fernandez bera, nagusiki, zenbait lankideren laguntzarekin.

Fernandezek uste du Sustatu.eus-ek oraindik ere lekua baduela. Interneten sortzen diren gauzen berri ematen jarraitzen duela, eta informazio interesgarriak eskaintzen dituela. Aste honetan, esaterako, COVID-19aren ziurtagiriak irakurtzeko metodoei buruzko sarrera bat argitaratu du.

Hala ere, garrantzia, erreferentzialtasuna, galdu du, bai edukietan, bai eztabaidetan. «Agian arraroa da urteurren batean halako zerbait esatea, baina iragan gehiago du etorkizuna baino», Luistxo Fernandezen arabera. Sustatu.eus erreferentzia zen, ez baitzegoen ia ezer teknologia berriei eta Interneti buruz euskaraz, eta ez baitzeuden iritzia emateko leku asko. «Lehen urteetan oraindik ez zegoen blogik, eta jendeak Sustatu.eus-en ematen zuen iritzia ahots propioa izateko». Zirikatzaile rola ere jokatu zuen webguneak orduan. Akuilu eta eredu ere izan zen, euskarazko tresna eta webgune berriak sortzeko.

Gaur egun xumeagoa da, «tanta bat itsaso batean», onartu du Fernandezek, «baina ez dut penaz esaten, teknologia berriei buruzko informazioa orokortu egin baita».

Sustatu.eus-ek artxibo oparoa du: edonoren eskura daude 2001etik argitaratutako artikulu guztiak, euskarak Interneten eta teknologia berrietan izan duten bilakaeraren erakusleiho.

Jardunaldia Bilbon

Testua izan da Sustatu.eus-en oinarria, baina Fernandezek ikus-entzunezkoen erabilera probatu nahi du, zuzeneko saioren bat agian: «Zuzenekoen mundua zabaltzen ari da, eta uste dut zerbait egin beharko genukeela. Agian ausartuko gara».

Jardunaldi bat egingo dute urteurrena gogoratzeko, etzi arratsaldean, Bilbon, Bilbao As Fabriken. 16:00etan hasiko da, eta izena eman behar da. Jardunaldiaren ondoren festa txiki bat egin behar zuten, baina bertan behera utzi dute, COVID-19aren bilakaera dela eta.

Egitarauan nabarmentzekoa da, alde batetik, Interneteko beteranoen arteko mahai ingurua: Luistxo Fernandez (Sustatu.eus), Iñaki Lopez de Luzuriaga (euskarazko Wikipedia), Patxi Gaztelumendi (Armiarma.eus) eta Oier Araolaza (Dantzan.eus). Bestetik, baita Goizalde Landabasoren eta Leire Narbaizaren arteko solasaldia ere, Interneteko parte hartzeko eta eztabaidatzeko aukerei buruz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Ibarruri oso harro sentitu zen beti bere euskal erroez»

Amaia Igartua Aristondo

Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren biografia bat argitaratu berri du, haren artxibo pertsonalean oinarritutakoa: 'No pasarán'. XX. mendearen zati handi bat zeharkatzen du bizkaitarraren bizitzak.
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Gaizka Aranguren kazetaria, <em>Ezina ekinez egina</em> saioan. ©BERRIA

Euskararen historiari buruzko saioa gaur ETB1en: 'Ezina ekinez egina'

Enekoitz Telleria Sarriegi

Gaizka Arangurenek aurkeztuko du. EITBk bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

EPICA ikerketan 2.872 metroko sakoneratik ateratako izotz lagina, 2002-2003an. ©LAURENT AUGUSTIN/CNRS PHOTOTHQUE

Izotzik zaharrena nahi dute

Jakes Goikoetxea

Beyond EPICA ikerketa proiektua Antartikan lanean ari da, izotza zulatu eta duela 1,5 milioi urtera arteko izotz lagina ateratzeko. Laginari esker, klimaren bilakaera ezagut dezakete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.