Lloyd, Franco eta Hittmanen filmak izango dira Perlak sailean

Kiyoshi Kurosawak zuzendutako 'Wife of a Spy' pelikulak irekiko du aurten Zinemaldiko saila. Denera, bederatzi lan arituko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehian

Olivia Colman eta Anthony Hopkins The Father filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Donostia
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko beste jaialdietan aurkeztu eta oihartzun handia eskuratutako filmen erakuslehio izan ohi da Donostiako Zinemaldiko Perlak saila. Aurten, bederatzi ekoizpen izango dira Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko hautagaiak, eta eskarmentu handiko zuzendarien zein hasiberrien lanak ikusi ahal izango dira; besteak beste, Kiyoshi Kurosawa, Maite Alberdi, Michel Franco, Eliza Hittman, Phyllida Lloyd, Maiwenn, Susanna Nicchiarelli, Yoo Dan-bi eta Florian Zeller.

Kiyoshi Kurosawaren (Kobe, Japonia, 1955) Wife of a Spy filmak irekiko du saila. Veneziako zinema jaialdian ere parte hartuko du lanak. Bigarren Mundu Gerra hasi aurreko gauean kokatua dago, eta kutsu epikoko drama bat da. Kurosawa behin baino gehiagotan izan da Donostian. 2008an, Tokyo Sonata aurkeztu zuen Perlak sailean; 2012an, Shokuzai / Penance filmarekin izan zen, Zabaltegi-Bereziak atalean.

Nuevo orden filmarekin dator Michel Franco zuzendaria (Mexiko Hiria, 1979). Lan hori ere Venezian izango da, eta estatu kolpe batean bukatzen den errebolta sozial baten istorioa kontatzen du. Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean askotan izan da Franco: 2009an, Daniel y Ana filmarekin; 2012an, Después de Lucía-rekin; 2015ean, Chronic-ekin; eta, azken aldiz, 2017an, Las hijas de abril-ekin. Susanna Nicchiarellik (Erroma, 1975), berriz, Miss Marx lana aurkeztuko du. Eleonor, Karl Marxen alaba, sozialismoaren eta feminismoaren arteko loturak landu zituen lehenengo emakumeetako bat izan zen, eta haren maitasun istorio tragikoa du argudio filmak.

Maiwennen (Les Lilas, Frantzia, 1976) ADN filma ere erakutsiko du Zinemaldiak. Deauvilleko (Frantzia) zinema jaialdian estreinatu zuten. Aitona hil ondoren nortasun krisi bat pairatzen duen emakume bat du protagonista. Zuzentzeaz gain, aktore lanak ere egin ditu Maiwennek. Fanny Ardant eta Louis Garrel aktoreek ere hartu dute parte.

Beste jaialdi batean estreinatu zuten Phyllida Lloyden (Bristol, Erresuma Batua, 1957) Herself filma; Sundancen, hain zuzen. Mutil laguna uzten duen ama gazte ezkongabe baten gorabeherak kontatzen ditu obrak. Lloydek Mamma mia! eta The Iron Lady film entzutetsuak zuzendu ditu aurretik, besteak beste.

Eliza Hittmanek (New York, Amerikako Estatu Batuak, 1979) Never Rarely Sometimes Always bere hirugarren lana aurkeztuko du. Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen film horrekin, eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Berlingo zinema jaialdian. Pennsylvaniako (AEB) landa eremuan girotutako pelikula bat da, non bikote batek ustekabeko haurdunaldi bati aurre egin beharko dion. Sundancen ikusgai izan da Maite Alberdiren (Santiago, 1983) El agentetopo ere. Proiektu berak saria jaso zuen 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, eta zahar-etxe batean espioi sartuko den 83 urteko alargun baten istorioa du hizpide.

Beste bi hasiberri

Bi zuzendariren estreinako film luzeek osatuko dute aurtengo Perlak saila. Florian Zeller idazle eta antzerkigileak (Paris, 1979) The Father filma aurkeztuko du. Izen bera duen antzezlanean oinarrituta dago, eta alabak ekarritako erizain guztiak baztertzen dituen eta etxean bakarrik bizi den gizon zahar bat du protagonista. Anthony Hopkins —1998an Donostia Saria jaso zuen— eta Olivia Colman —2017an emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen— aktoreak azaltzen dira filmean.

Bigarren opera prima, berriz, Yoon Dan-bik (Gwangju, Hego Korea, 1990) zuzendutako Nam-mae wui Yeo-reum-bam / Moving On lana da. Udan aitonaren etxera bizitzera doazen anai-arreba batzuen istorioa kontatzen du. Busango zinema jaialdian estreinatu zuten, eta Rotterdameko zinema jaialdian saritu egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.