PROPOSAMENAK

Bandera beltzak festan

Donostiako Piratek portua bereganatuko dute Aste Nagusian. Aurtengo berrikuntzak irratsaio bat eta Kofradien Eguna izango dira

Donostiako Piratek egitaraua aurkeztu dute portuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Donostiako Piratek jaiak aurrera eramateko oztopoak izan dituztela salatu duten arren, aditzera eman dute herritarrek jai euskaldun eta parekideez gozatzeko aukera izango dutela; abuztuaren 10etik 18ra, Donostiako Aste Nagusia abordatuko dute. Uxue Oreja piraten bozeramaileetako batek argi esan du: «Txupinazoarekin hasi eta Irrikitaldiarekin amaitu arte, egitarau oparoa eskainiko dugu».

Aurten berrikuntza batzuk izango dira piraten egitarauan: nagusia Karramarro Uhartea izeneko irratsaioa izango da, festetako gertaerak kontatzeko baliatuko dutena. Bestetik, hilaren 12an egiten duten abordatzean baltsa politenaren saria emango dute. Kofradien Eguna ere prestatu dute, Eider Beobide piraten bigarren bozeramaileak aurreratu duenez: «Abuztuaren 14a Kofradien Eguna izendatu dugu, eta, egun osoan, kofradietako piratek ekintzak egingo dituzte».

Kortsario eta pirata

Egitarauari dagokionez,bazkariak, txarangak, ekintzak eta jolasak egingo dituzte. Gauetan, berriz, musika eskaintza zabala izango dute. Ohiko moduan, hiru musika proposamen edukiko dituzte: kontzertuak , DJak eta Trinitate plazako afari musikatuak. «Aurten, punta-puntako hiru emakume DJ izango ditugu Pal Piso hirukotea osatuz: Flaca, Alvva eta Brava DJak», esan du Beobidek. Gainera, kontzertu gune nagusian estilo asko izango dira entzungai.

Kortsarioen Donostian, izan pirata! lelopean ari dira aurtengo jaiak antolatzen. Zergatia Orejakazaldu du: «Kortsarioak diru truke saldu ziren pirata edo itsaslapurrak izan ziren; egoera horrek oraindik indarrean jarraitzen duelako hautatu dugu leloa».

Aste Nagusia antolatzen aritu diren bakoitzean piratek oztopoak izan dituztela salatu dute: «Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak beti izaten du arrazoiren bat piraton lana oztopatzeko», esan du Beobidek. Aurten, berriz, Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du Flamenka gunean ez dela kontzerturik egingo. «Baina ez digute horren arrazoirik eman», esan du Orejak.

Horren ondorioz planak aldatu behar izan dituztela salatu du Beobidek:«Egitaraua eta jaigunea guztiz berrantolatu behar izan dugu, dena oso epe laburrean». Aurten, agertoki nagusia ez da Flamenkan izango, baina jaiak portuan ospatzen jarraituko dute.

Oztopoez gaindi, piratek argi adierazi dute: «Donostiako Piratak kaitik kanpo nahi gaituzte; hala ere, beste behin, piratok gai izan gara zailtasun horiei aurre egin eta beti bezain egitarau zabala antolatzeko».

Aste Nagusi Pirata





Abuztuaren 10etik 18ra, AsteNagusian, Donostiako portuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.