PROPOSAMENAK

Dantzak kaleen jabe

Dantzaldi gidatuak egingo dituzte Errenteriako Erromeria Egunean, larunbat goizean eta arratsaldean. Bazkaria Merkatuzarren izango da

Dantza taldeko kideak herritarrekin kalejiran.
Dantza taldeko kideak herritarrekin kalejiran. ANDONI CANELLADA / FOKU

June Romatet -

2019ko uztailak 9

Musika eta dantzak nagusituko dira larunbatean Errenterian ospatuko den Erromeria Egunean (Gipuzkoa). Ereintza dantza taldeak antolatzen du eguna, eta, aurten, berrikuntza bat izango da: 400 pertsona inguru bilduko dituen bazkaria Merkatuzarren egingo dute. Gainera, hilaren 19an Errenteria Dantzan jaialdia izango da.

Egun osoan talde asko izango dira: Txorimaloak eta Errenteria Musikaleko trikitilariak, Errenteriako gaiteroak eta Escola de Gaitas Triskele, Oiartzualdeko txistulariak, Zubietako joaldunak, Hendaiako Mutxiko Elkartea, Aiko Taldea, Patxi Perez eta Konpainia eta baita Ereintza dantza taldea ere, egunaren antolatzailea.

Ereintza dantza taldeko Ander Oiarbide, Garazi Diaz de Cerio eta Maialen Iribarren dantzariek azaldu dute aurtengo egitaraua urterokoaren antzekoa izango dela: goizean eta arratsaldean, dantzaldi gidatuak izango dira. «13:00etan, Zumardian, dantzaldia egingo du Aiko taldeak; dantzak dantzatuz ikasteko aukera izango da», esan du Oiarbidek. Arratsaldean, beste dantzaldi bat izango da, 18:00etan. Patxi Perez eta Konpainiak zuzenduko du, eta Zumardian izango da.

Goizean abiatuko dute festa: 10:45ean, diana izango da herriko kaleetan, eta, Foru Plazan, Niessen elkarteak antolatutako VIII. Bola jokoa izango da. 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute Koldo Mitxelena plazan, eta 12:00etan kalejira hasiko da. 14:30ean, herri bazkaria izango da, Intxaurrondoko Lagunak-en eskutik.

Juantxo Maia Ereintza dantza taldeko kide eta antolatzaileetako batek argi esan du: «Ereintzan gustura egiten dugu lana, baina eskerrak eman behar dizkiegu babesleei, eta, batez ere, herriko merkatariei eta tabernei. Haien laguntzarik gabe ezin izango genuke eguna aurrera atera».

Idoia Pastorrek, bederatzi urtez dantza ikastaroetan aritu denak, aitortu du Erromeria Eguna berezia dela ikastaroetakoentzat, eta gonbita egin die herritar guztiei egunaz gozatzeko eta plazetan dantzara agertzeko.

«Joan den urtekoa berezia izan zen», esan du Maiak. Urteroko egitarauaz gain, casteller talde bat izan zuten, hogeigarren urteurrena ospatzeko. Horrez gain, herriko musikariak eta dantzariak arduratu ziren dantzaldiez. Ion Collar kultura zinegotziak adierazi duenez, halako berezitasun gehiago egin nahi dituzte. Baina lana eta dirua behar da horretarako, eta, beraz, aurten egingo ez duten arren, gehiagotan egitea espero dute. Ereintza Elkarteko lehendakari Mikel Baguesek egunean dantzara ateratzeko deia egin die herritarrei.

Erromeria Eguna

 


Larunbatean, 10:45ean hasita, Errenterian (Gipuzkoa).