PROPOSAMENAK

Nabarmentzen den dorretxea

Baronatarren dorretxea XIV. mende amaieran eraiki zuten, Gaubean. Euskal Herrian ondoen kontserbatzen den Erdi Aroko ondareetako bat da. Bisita gidatuak antolatzen dituzte

Baronatarren dorretxea, Gaubeako Villanañe auzoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ikusgarriak diren Erdi Aroko hainbat eraikin historiko bisita daitezke Euskal Herrian, baina, zalantzarik gabe, Baronatarren dorretxea da harrigarrienetakoa, eta hobekien kontserbatzen direnetako bat. Gaubea udalerriko (Araba) Vinañe auzoko lautada batean eraiki zuten XIV. mende amaieran. Ordutik, erreforma ugari egin badizkiote ere, hasieratik izan duen arkitektura militar bera mantentzen du eraikinak. Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu zuen 2002an. Gaur egun, Arabako helburu turistiko nagusien artean dago eraikina bisitatzea. Abuztuan, dorretxea ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dituzte egunero. Irailetik aurrera, ordea, larunbat eta igande goizetan bakarrik bisitatu ahal izango da.

Bi zati bereizi daitezke eraikinean: jauregia eta dorrea. Harresi ikusgarri eta ur erretena batek babesten ditu biak; antzina etsaien erasoetarako defentsa gisa balio zuten. Handik igarotzeko zubi eta ate erraldoi bat daude, eta, parez pare, bi solairu dituen jauregia eta dorrea daude barruan. Izan ere, jauregiak iparraldeko eta mendebaldeko hegaletatik inguratzen du dorrea.

Arku forma daukan ate batetik sartzen da eraikinera. Jauregi osoko lekurik politenetakoa da ataria, hamabi petaloko lore baten irudia osatzen baitute zoruko harri txikiek. Ondoren, jauregiaren ataritik aurrera eginda, patio nagusia dago.

Patioa, ikusgarria izateaz gain, urteen joanarekin jauregia hain ondo kontserbatzeko arrazoi nagusietako bat izan da. Izan ere, eraikina argiztatzeaz gain, aireztatu ere egiten du, hezetasunak murriztuz. Halere, jauregiak zuen zurezko egitura oso egoera txarrean zegoen goiko solairuetan. Hain zuzen, horregatik, ondo zegoen zura mantendu dute eta mantendu ezin zena aldatu.

Baronatarren etxebizitzaren apaingarri ikusgarrienak daude lehen solairuan. Asko zaharberritu behar diren arren, zaharberrituta daude gehienak.

Kixotearen Gela izeneko egongela dago ere lehen solairu horretan: zalantzarik gabe, eraikineko gelarik bereziena. Zorua On Kixote obraren eszenak irudikatzen dituen XVII. mendeko Talaverako (Espainia) zeramikaz jantzia dago. Are, hormak ere On Kixoteren istorioekin zerikusia daukaten irudiz margotutako paperez estalita daude.

Dorrearen edertasuna

XII edo XIV. mendeko —data ez da zehatza— dorre zaharkitu baten gainean eraiki zuten egungo dorrea. Harlangaitzez egindako hiru solairuko eraikina da, jauregiaren gainetik nabarmentzen dena.

Dorrearen beheko solairua eta lehena jauregira lotuta daude. Bigarren solairuan, berriz, eskailera bat dago bigarren solairura igo ahal izateko. Halere, eskailera horiek berriak dira.

Behinola, lehen solairuak ez zeukan sarrerarik, eta hor gordetzen zituzten elikagaiak. Bigarren solairuan, berriz, bilerak, bazkariak edota bestelako ospakizunak egiten zituzten. Azken solairua dorretxea zaintzeko baino ez zuten erabiltzen.

Baronatarren dorretxea

Abuztuan, bisita gidatuak daude egunero. Gaubea udalerriko Villanañe auzoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.