PROPOSAMENAK

Artzaintzari gorazarre

Nafarroako Artzain Eguna egingo dute bihar, Uharte Arakilen. Erakusketak eta lehiaketak izango dira nagusi: ardi latxena, gaztena eta artzain txakurrena. 55. ekitaldia da aurtengoa

Ardi latxak eta joaldunak, Uharte Arakilgo Artzain Egun batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erreferentziazkoa bihurtu da aspaldian abuztuko azken igandea Uharte Arakilen (Nafarroa), inguruetan eta artzaintza maite duten guztien egutegi eta agendetan. Ekitaldi batek 55. urteurrena ospatzen duenean, zerbaiten seinale izaten da, eta ongi egindakoarena izan ohi da normalean. Biharkoa da abuztuko azken igandea, eta harekin batera dator, huts egin gabe, Nafarroako Artzain Eguna.

«Artzainak omentzea da festaren helburua, eta, beraz, haiek izanen dira eguneko protagonista nagusiak. Bertakoek eta kanpotik bisitan datozenek artzainen lana bertatik bertara ikusi ahal izango dute, eta, nahi izanez gero, gaztak dastatu eta erosi», azaldu du Roberto Jacak, Aralar mendi elkarteko lehendakariak, festa aurkezteko aurtengorako idatzitako agurrean. Gorazarre erabatekoa da artzaintzari, baduena helburu gisa belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea ere: «Hori da beste helburua: hain aspaldikoa eta aldi berean guztiz berria den lanbide honen jarraipena bermatzea. Hori dela eta, artzaintzaren munduan sartzera animatzen diren artzain eta gaztagile berri guztiei meritua aitortu nahi diegu festan, lanbide honek irautea eta aurrera jarraitzea lortzen baitute. Halaber, esker ona adierazi nahi diegu Artzain Eguna guztiz arrakastatsua izan dadin lan egiten duten profesional, erakunde eta babesleei».

Erakusketak eta lehiaketak izaten dira egunaren funtsa. Aurten ere, Nafarroako ardi latxen erakusketa eta esne ekoizpenaren lehiaketa egingo dituzte. Latxa arrazako ardiaren lehiaketa eta Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako gazta lehiaketa ere bai. Nafarroako artzain txakurren lehiaketa eta erakustaldia ere urteroko zitak izaten dira. Txapelketa gehienak goizez izango dira, 10:30etik aurrera, eta horien guztien emaitzak artzaineguna.eus atarian jarriko dituzte egunean bertan —webgune horretan dago, hain zuzen, egunari buruzko informazio guztia—. Sari banaketa 13:30ean izango da.

Artzain txakurren txapelketa izaten da mira handiena sortzen duten ekitaldietako bat, eta hori arratsaldean izango da: 17:00etan. Irabazlea Oñatiko (Gipuzkoa) nazioarteko txapelketan eta Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko sailkatuko da. Goizez artisautza eta gazta azoka egingo dituzte herriko kaleetan, eta 11:30ean artaldea herrian barrena ibiliko dute. Ardikien eta gazta freskoaren dastaketak eguerdian izango dira, omenaldia 13:00etan, eta herri bazkaria 14:30ean. «Artzain Egunetik kanpo ikusten zailak diren eta ardiekin lotuta dauden tradiziozko jarduera eta erakustaldiak ikus daitezke, kultura ondarea direnak: artisau gazta egiteko prozesu osoa, kaikuak egitea, larrua eta artilea lantzea, zintzarriak eta txilarra erratzetan jartzea...», nabarmendu dute antolatzaileek.

Artzain Eguna 1968. urtean egin zuten lehenbiziko aldiz Nafarroan. Oñatin artzain txakurren txapelketa egiten hasi ziren 1961ean, eta, arrakasta ikusirik, Euskal Herri guztira zabaldu zuten lehia. Nafarroan, Uharte Arakilen egitea erabaki zuten. 2012an, Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatu zuten.

Artzain Eguna



Bihar, 10:00etatik aurrera,Uharte Arakilen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.