Albistea entzun

PROPOSAMENAK

Hemen dira nafar trabestiak

Lumak trabesti jaialdia eginen dute bihar, Burlatako udal parkean. Nafarroako 11 trabesti ariko dira banaka eta taldeka sortutako saioetan, Yogurinha Borovak gidatutako ikuskizun batean
Donatella Mani, Sussie Pussie eta Albina Stardust <em>drag queen</em>-ak, Uharten, artxiboko irudi batean.
Donatella Mani, Sussie Pussie eta Albina Stardust drag queen-ak, Uharten, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2022ko uztailak 1 - Iruñea

Ezarritako arauak iraultzeko determinazioz igoko dira oholtzara Nafarroako 11 trabesti. Bertan antolatu den lehenbiziko trabesti jaialdia dela dio kolorez eta lumaz jantzitako afixak. Lumak trabesti festa da, eta bihar eginen dute, Burlatako udal parkean (Nafarroa). Azken urteetan Nafarroan errotzen eta loratzen ari den drag queen belaunaldi berriaren argazki panoramiko bat aurkeztuko dute horrela, eta geroz eta trabesti gehiago daudela erakutsi.

Yogurinha Borova beteranoa arduratuko da biharko jaialdia gidatzeaz. Harekin batera oholtza gainean izanen dira Albina Stardust, Axtra Tosfera, Celeste Poliester, Donatella Mani, Exia Vermut, Gata Al Kuadrado, Maruxak, Sussie Pussie eta Xtreya. Ikuskizuna 21:30ean hasiko da, eta bi ordu inguru iraunen du. Maruxak trabesti taldeak sustatu du jaialdia, eta Burlatako Udala da antolatzailea. Ikuskizun horren bidez «sexu askapena aldarrikatu» eta «pertsonen arteko eskubide berdintasuna galdegin» nahi duela azaldu du udalak. Asteartean izan zen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta data horren harira antolatu dute jaialdia.

Aimar Jimenez Maruxak taldeko kidea da antolatzaileetako bat. Azaldu duenez, Nafarroako trabesti guztiak elkartu nahi izan dituzte, elkarrekin aritzeko eta «indarra biltzeko». «Denak batuta zerbait handia egin nahi dugu, erakusteko zer indar dugun eta Nafarroan trabestiak badaudela». Izan ere, indarra hartzen ari dira ikuskizun horiek Nafarroan, eta geroz eta gehiago dira oholtza gainera igotzera animatzen diren drag queen-ak. Aurten auzoetako bestatan ohikoak izan dira trabestien ikuskizunak.

«Erraldoia» eta «berezia»

Ikuskizunaren nondik norakoak ere azaldu ditu Jimenezek: «Erraldoia izango da; jendeak ez du inolaz ere espero ikusiko duena. Berezia izango da, eta ezberdina». Oholtza gainean banaka ariko dira Nafarroako 11 trabesti horiek, beren burua eta lana jendaurrean aurkezteko parada izan dezaten. Baina ez hori bakarrik: taldean ere prestatu dituzte ikuskizuneko zenbait saio. «Trabesti mugimendu indartsu honek asko du eskaintzeko Nafarroan. Erakutsiko dugu hau zer den, bai alor artistikoan, baita politikoan ere», esan du Maruxak trabesti taldeko kideak.

Poliki-poliki zabaltzen ari da trabestien eskaintza Nafarroan. Jaialdiaren atzean lan handia dago, eta horrelako ikuskizun bat ez da ezerezetik sortzerik. «Iazko Harrotasunaren Egunean Nafarroako trabestiak elkartu ginen, eta laguntasuna estutzen hasi zen. Hasi ginen trabesti ikuskizunetatik kanpo ere elkarrekin geratzen, eta orain, jaialdi honekin, harremana askoz ere estuagoa da», kontatu du Jimenezek.

Oholtzara salto egin nahi dutenen erreferente ere izan nahiko lukete: «Gizartea aurrera doa, eta zure sentipenak adierazteko askatasun handiagoa dago, nahiz eta oraindik asko falta den egiteko. Gainera, ikustean beste batzuk ere egiten dutela, geroz eta gehiago direla, errazago animatuko dira trabesti berriak».

Lumak trabesti festa

Bihar, 21:30ean, Burlatako udal parkean (Nafarroa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Union Artesanako kideek kantatu zuten atzo <em>Artillero</em> abestia. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Lehertu da festa Donostian

Miren Mujika Telleria

Bi urteko geldialdiaren ostean, kanoikadaren hotsa entzun, eta eztanda egin du festak Donostian. Piratek ere bota dute euren txupinazoa, eta koloretako txalekoz bete da kaia. Hasi da Aste Nagusia.
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...