PROPOSAMENAK

Eguzki izpiak eskulturen artera

Txillida Lekuko udako egitarauak artea, yoga, zinema, musika eta dantza biltzen ditu. Jaialdi handien egoitza ere izango da, hala nola Jazzaldiarena eta Musika Hamabostaldiarena

Hainbat ekitaldi egingo dituzte udan Txillida Lekun. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ospakizunerako eta gozamenerako leku bihurtuko da udan Hernaniko Txillida Leku (Gipuzkoa). Egitarau zabala antolatu dute horretarako; adin askotariko jendeari zuzendutakoa. Dantza, zinema, opera, sormen tailerrak eta askotariko jarduerak biltzen ditu museoak diseinatu berri duen udako programazioak. Baita musika ere, «proposamen klasikotik garaikideagoetara doazen doinuekin».

Yoga saioak egingo dituzte museoko zelaian uztailean eta abuztuan, larunbatero. Brunch batekin amaituko dituzte saio horiek, hango Lurra Kafe tabernan. Arteari, naturari eta fikzioari buruzko tailerrak ere emango dituzte, Irudimenezko lorategiak izenpean. Museoak zabaldu duen ohar baten arabera, parte hartzaileek proiektu artistiko bat sortzeko baliabideak eskuratuko dituzte han. «Artearen munduarekin, naturarekin, zientziarekin eta literaturarekin lotutako hainbat elementu aztertzea du helburu egitasmoak».

Gazteek eta haurrek izango dute Irudimenezko lorategiak saioez gozatzeko aukera. Hain zuzen, uztailaren 11tik 15era izango dira 12 eta 15 urte bitartekoentzako saioak, eta uztailaren 18tik 22ra, berriz, 6 eta 11 urte bitartekoentzakoak. «Miroren eta Txillidaren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bidez.

Filmak aire zabalean ikusteko aukera ere eskaintzen du egitarauak, eta ondorengo hiru filmak izango dira ikusgai, hurrenez hurren, abuztuaren 4an, 5ean eta 6an, 21:30ean: Mr. Wain, Delicioso eta Un héroe.

Doos Colectivo konpainiaren Gorp(huts) ikuskizunarekin hasi zuten museoko uda denboraldia ekainaren 17an. Dantza garaikidea, ahotsa eta soinua uztartu zituen lanak.

Jarduera horiez guztiez gain, egitasmo berri bat batu zaio aurtengo programazioari: Singular Fest, «ondare eta arte balioa duten leku berezietan ospatzen den jaialdia». Ekainaren 30ean hasiko da, eta Mondragon Orkestra, Lila Downs, Chucho Valdes eta Paquito D 'Rivera izango dira musika, artea eta kultur ondarea uztartzen dituen jaialdiko protagonistak.

Jaialdi handien txoko

Gainera, jaialdi handiak ere hartuko ditu Txillida Lekuk udan. Donostiako Jazzaldiaren egoitza izango da berriro ere Txillida Leku, eta Vadim Neselovsky piano jolearen errezitalaz eta Musika Hamabostaldiaz gozatzeko aukera izango da bertan. Berrikuntza gisa, Donibane Lohizunen ospatzen den Ravel piano jaialdiarekin kolaborazio berri bat gehitu dute aurtengo programazioan Txillida Lekuk; Bertrand Chamayou piano jolearen emanaldia izango baita irailaren 3an, museoan bertan dagoen Zumalaga Baserrian.

Denboraldiari amaiera emateko, EHUk Txillidaren lanak naturarekin eta etikarekin duen harremanari buruzko udako ikastaroetako batean parte hartuko du museoak irailaren 14an eta 15ean, Donostiako Miramar Jauregian izango da.

Txillida Leku, udako egitaraua



Ekainaren 30etik irailaren 15erabitartean, askotariko jarduerakTxillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.