PROPOSAMENAK

Arabako zinemaren indarra

Korterraza film laburren jaialdia Gasteizen eta Arabako hainbat herritan egingo dute. Gasteizen kontzertuak ere egongo dira; 42 film labur iritsiko dira Arabako 38 herritara

Korterraza jaialdiaren antolatzaileak, aurkezpenaren egunean. KULTURA KALEAN.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Korterraza film laburren jaialdiak martxa hartuko du datorren astean. Bi zatitan egingo da: alde batetik, Gasteizen XIII. aldia izango du uztailaren 7tik 9ra, Artium museoan. Bestetik, Arabako Korterraza larunbatean hasiko da, eta irailaren 2an amaituko da. Kultura Kalean elkarteak antolatzen du ekinaldia, eta jaialdiaren zuzendari Xabi Vitoriak azaldu du jendeari programazio «entretenigarria, interesgarria eta kalitatezkoa» eskaintzen saiatzen direla.

Film laburren saioak eta aire zabaleko musika uztartuko ditu Korterrazak Gasteizen, Artium museoaren kanpoaldean; dena doakoa izango da. Eli Paperboy Reed, Arenna, German Salto, Rambalaya, Niña Coyote eta Chica Tornado eta Mice arituko dira.

Hiriburuko jaialdiaren hiru egunetako bat Arabako Film Laburraren Eguna izango da: lurraldeko sortzaileen talentuaren erakusleiho izaten da. Arabako sortzaileen sei film labur emango dituzte: Juanma Bajo Ulloaren The Parrot, Aitor de Kintanaren Parlez-vous? , David Perez Sañudoren Vatios, Beatriz de Silvaren Tula, Imanol Ortiz LopezenN-666, Maider Oleagaren Kinka eta Gorka Aginagalde eta Xabi Vitoriaren El fiestón izango dira proiektatuko diren piezak. Azken horrek ez du parte hartuko lehiaketan.

Gasteizko programazioa irailaren hasieran amaituko da; Korterraza Sentsibiliza gai sozialetan oinarritutako film laburren atalarekin, eta Korterraza Txikirekin (haurrentzako proposamena). Lehena abuztuaren 25ean izango da, eta bigarrena, berriz, irailaren 1ean.

Arabako herrietan zabalduko den Korterrazak VIII. aldia izango du aurten. Lurralde historikoko 38 herritan 42 film proiektatuko dira guztira. Besteak beste, Langarika, Agurain, Aramaio, Araia, Bastida eta Gesaltza Añanan izango dira proiekzioak. Ikusi ahal izango diren 42 film laburrak aurtengo jaialdira aurkeztutako 987 lanen artean aukeratutakoak dira; Kultura Kalean elkarteak egin du aukeraketa. Antolatzaileek lau sail sortu dituzte, herriek sailetako bat aukera zezaten: Super Sekzioa, Komedia, Txiki eta Mix sailak, hain zuzen. «Arabako ikusleen artean, harrera oso ona duten saioek, jaialdia oso finkatuta dago lurraldean, eta ikusle oinarri fidela du», adierazi du Vitoriak.

Euskara saria

Antolakuntzak jada jakinarazi du zer filmi emango dioten aurtengo aldiak izango dituen hamar sarietatik bat: Aitor Gametxoren Berak baleki lanak Bertako igogailuak-Euskara saria irabazi du; euskarazko film labur onenaren saria da, hain zuzen. Saria irabazteaz gain, lehiaketaren atal ofizialerako hautatua ere izan da Gametxoren lana. Beste bi euskarazko lan izango dira jaialdiko lehiaketan: Iker Maguregiren Trumoiak, eta David Perez Sañudoren Vatios.

Bestalde, Paul Urkijo, Ylenia Baglietto eta Edorta Lamo izango dira sail ofizialeko epaileak; komedia saileko zortzi lanetako irabazleak ere aukeratuko dituzte.

Korterraza

Gasteizen uztailean, eta Arabako herrietan irailaren 2ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.