PROPOSAMENAK

Erakusketa erraldoi bat

'Bilboko erraldoiak' erakusketa Mariaren Bihotzaren plazako aztarnategian jarri dute aurten, eta irailaren 11ra arte egongo da ikusgai. 1980ko eta 1988ko hamasei erraldoi daude bertan

Bilboko erraldoiak, Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Udan Bilbon gehien ikusten diren erakusketetako bat da Bilboko erraldoiak izenekoa. Euskal Museoan egon izan da orain arte, baina berritzen ari dira museo hori, eta tokiz aldatu dute aurten erakusketa: Mariaren Bihotza plazako aztarnategira aldatu dute. Atzo ireki zuten, eta irailaren 11ra arte egongo da zabalik.

Efektu berezia lortu dute, erraldoiak lur azpian jarrita. 1980koak eta 1988koak dira—hamar erraldoi dira lehen garai horretakoak, eta sei bigarren garaikoak—. Hamasei erraldoi dira orotara, eta euskal kulturako pertsonaia ezagun batzuen itxura dute. «Kontakizuna informazio panelen bidez indartu dugu. Bisitariek, horrela, bere lekuan jarri ahal izango dute gure hiriarekin berrogei urte baino gehiago daramatzaten pertsonaia ospetsu horien testuinguru historikoa», azaldu du Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Erakusketa ikusteko sarrerak Berreginen Museoan eta aztarnategian bertan egongo dira salgai, eta erakusketako sarrerarekin museora sartu ahal izango da, eta alderantziz. Prezio orokorra hiru euro da, eta 1,5 euro taldeentzat. Pentsiodunak, elbarritasunen bat dutenak, 12 urtetik beherakoak eta irakasleak doan sartu ahal izango dira. «Oso pozik gaude erakusketa aztarnategian jasotzeaz, eta nahi duguna da bilbotar eta bizkaitar guztiak gurera etortzea erakusketaz gozatzera, denon artean gure ondareaz gozatu ahal izateko», nabarmendu du Sorkunde Aiarzak, Bilboko Euskal Museoko, Berreginen Museoko eta Mariaren Bihotzaren plazako aztarnategiko zuzendariak.

Jarduerak erraldoiekin

Ez da erakusketa hori Bilboko erraldoien inguruan antolatutako jarduera bakarra. Haren inguruan eta haren aitzakian antolatu dituzte beste bi jarduera ere: erraldoien dantza eta Egin zure erraldoia izeneko tailerra. Dantzari buruzko jarduera uztaileko ostiral guztietan egingo dute, Ondalan konpartsaren eskutik—uztailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, hain zuzen ere (11:30)—. Dantzaz gain, txapak egiteko tailer bat eta erraldoiak koloreztatzeko beste bat ere egingo dituzte 7 eta 13 urte bitarteko umeentzat. Aztarnategian bertan egingo dituzte, eta ez da aldez aurretik izena eman beharrik izango.

Nork bere erraldoia egiteko aukera ere egongo da. Uztaileko eta abuztuko ostegun guztietan egingo dute tailerra. 6 eta 10 urte bitarteko umeentzako jarduera bat da, uztailaren 7an hasi eta abuztuaren 18ra arte iraungo duena. Egun bakoitzeko hamabost plaza eskainiko dira —euro bat ordaindu beharko da—. Parte hartu nahi dutenek Berreginen Museoaren webgunean eman behar dute izena (www. bilbokoberreginenmuseoa.eus).

Aste Nagusian, erraldoi eta buruhandien segizioa egunero irtengo da Bilboko Euskal Museotik, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko dantzari eta musikariek gidatutako kalejira egiteko.

Bilboko erraldoiak



Irailaren 11ra arte, Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.