PROPOSAMENAK

Tradizioa oinarri duen bidea

Aramaioko haranean ibilbide samurrak egiteko aukera dago. Ibarra auzoan hasi eta karobi zahar batetik zein Ibabeko Andra Mari auzotik igarotzen den bide zirkularra da aukeretako bat

Lagunekin edo familiarekin barbakoa bat egiteko leku aproposa da Ibabeko Andra Mari ermita. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Aramaio
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
radizioa oinarri duten hainbat ibilbide daude Aramaion (Araba). Horregatik, hain justu, tradizioak edo paraje ikusgarriek erakarrita, jende andana biltzen da urte osoan udalerria bisitatzera. Familian edo lagunartean egun bat pasatzeko ibilbide eta txoko ikusgarriak ditu mendiz inguratutako haranak. Hala, ondarerik erakargarrienen artean, karobi zaharberritu bat eta baseliza bat nabarmendu daitezke. Ibilbide lasai batean egun berean ezagut daitezke biak.

Ibarra auzoan —haraneko populazioaren erdia inguru bizi da bertan— hasten den ibilbide zirkularra da Karobia-Andra Mari ibilbidea. Bisitaria autoan edo auobus bidez irits daiteke Ibarrara. Plazatik gorako bidea hartu, herrigunetik irten, eta ortuen ondotik ibili ondoren, bidegurutze bat ikusiko du, parez pare.

Sigi-saga egiten duen ezkerraldeko bidezidorra hartu beharko du ibiltariak, errekaren ondotik doana. Metro gutxi batzuk egin ondoren, ur jauzi txiki bat aurkituko du; egun eguzkitsu batean bainu bat hartzeko leku aproposa izan daiteke. Aurrerago, karobira iritsi aurretik, sastrakek estalitako zentral elektriko zahar bat dago: misterioa eta, aldi berean, bakea transmititzen dituen eraikina da.

Ondoan dagoen zubi txiki bat gurutzatu, eta karobira iritsiko da segituan. Irudi eta testuekin osatutako informazio panel bat dago karobiaren kanpoaldean. Antzina han lan egiten zutenen ohiturak azaltzen dira. Bisitariak karobiaren goiko aldera igotzeko aukera izango du, gainera; baita barrura sartzeko ere. Halere, apenas sartzen den argirik barrura, eta esperientzia klaustrofobikoa izan daiteke.

Karobia bisitatu ondoren, erreka ondoko bidezidorrera itzuli behar da, eta aldapan gora segi, harrizko bide bateraino iritsi arte. Bidean, Aramaioko bi baserri berezienetakoen azpitik igaroko da: Ibabe eta Maskariano baserriak. Kondairaren arabera, Erdi Aroan Aramaioko jauntxoari aurre egin zion Berta emakumearen jaiotetxea da Ibabe. Maskariano, aldiz, bailarako baserririk zaharrenetakoa da. Bisitariak bi baserriak miresteko aukera du, eta urte guztiotan baserri horietan gertatu den guztia irudikatzekoa.

Konturatzerako, Ibabeko Andra Mariko baselizara iritsiko da. Jolas parkea, iturria, aterpea eta bi parrilla daude bertan. Ohikoa da lagunekin barbakoa bat egitea, eta arratsaldea bertan pasatzea. Horrez gain, haurrek jolasteko leku aproposa ere izan daiteke.

Iluntzean, baselizatik jaitsiko da bisitaria ibilbidearen hasierako bidegurutzeraino. Ibarrarako noranzkoa hartu, eta segituan iritsiko da auzora. Orduan amaituko du ibilbidea.

Punk-rock jaialdia ermitan

Edozein aitzakia izan daiteke ona ibilbidea egiteko. Urtero, maiatzeko azken larunbatean, Eguzkierripa Rock jaialdia antolatzen dute Ibabeko Andra Mari ermitan. Guztira, sei taldek jotzen dute. Rotten Xlll, Lukiek eta Perlata bezalako talde ospetsuek jo izan dute. Ibilaldiaren ondoren, aukera ona izan daiteke eguna kontzertu batzuk ikusten amaitzea.

Karobia-Andra Mari ibilbidea



Urte guztian egin daiteke, Aramaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.