PROPOSAMENAK

Lakutik ertzera doan soinua

Landa aire zabaleko antzoki bihurtu da aste honetan, Le Piano du Lac taldearen ur gaineko ikuskizun berriarekin. 20:00etan hasita, gaurkoa eta biharkoa izango dira azken ikuskizunak

Nafarroan, Allozko urtegian, iaz, Le Piano du Lac-ek egindako emanaldia. JESUS DIGES / EFE.
unai etxenausia
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Pianoaren soinua ardatz, melodia liriko eta abesti herrikoien doinuek hartuko dute Landako hondartza (Araba) gaur eta bihar. Uribarri Ganboa urtegian barrena nabigatuko du soinuak uraren ertzean dauden ikusleen belarrietatik sartu arte. Zuzeneko musikaz, dantza koreografia ikusgarriez, poesiaz eta zirkuaz gozatu ahalko dute Landara bertaratzen diren pertsonek. 20:00etan hasita, gaur eta bihar dira Le Piano du Lac-en Idoneas emanaldia Euskal Herrian ikusteko azken egunak.

2014tik, Le Piano du Lac nazioarteko konpainia artistikoak kontzertu birak egiten ditu udan. Aintziratik lakura, urmaeletik ibaira, portutik hondartzara. Berdin du, zelaietan edo hiri kaotikoen bihotzean izan, baina ur gaineko ikuskizunak egiten dituzte beti.

Aurreko urteetan bezala, Le Piano du Lac konpainia ikuskizun berria aurkezten ari da Landan. Oraingoan, Idoneas lan berria eskainiko dute Violette Prevostek (pianoa), Claire Grupallok (kanta) eta Myriam Grupallek (dantza). Nazioarteko konpainia bere onenean itzuli da Arabara, iazko murrizketarik gabe, gainera. Konpainiak berak azaldu bezala, «umore eta maitasun eztanda erritmikoa da» Idoneas, eta bi ahotsetara moldatu dituzten Prevosteren konposizio propioak biltzen ditu.

Ikuskizunak tonu klasiko eta zoroa hartzen du, aurrera egin ahala; pianoaren soinuak garrantzia har dezan, batez ere. Horrez gain, ikuskizunaren parte dira pintura poetikoak, koreografiak eta uretako jolasak, besteak beste. Haurrek gozatzeko ikuskizun bat ere badela gaineratu du konpainiak, kontzertuen musika bolumena ez baita kaltegarria.

Ez da besaulkirik egongo espektakuluaz gozatzeko, eta ikusle bakoitzak erabaki beharko du nola ikusi nahi duen ordu eta laurden iraungo duen ikuskizuna. Aulkietan, eskuoihaletan edo mantetan esertzeko aukera dago. Konpainiak, halere, adineko pertsonei gomendatu die aulki edota kuxin bat eramatea.

Ez du axola zer eguraldi egingo duen, eta, euria egin arren, ikuskizunak ez du etenik izango. Izan ere, pianoa zein ur gaineko oholtza prestatuta daude lakuko urari edota euriari aurre egiteko.

Bakoitzak ahal duena

Ikuskizunaren sarreraren prezioa ez da finkoa, eta ikuslearen esku dago zenbat ordaindu nahi edo ahal duen. Horregatik, sarrera erosteko hiru aukera eskaintzen ditu konpainiak: hamabi euroko prezio «gomendatua», hemezortzi euroko «kolaboratzailea» edo borondatezko prezioa. Azken horretan, konpainiak ziurtatu du norberak erabaki lezakeela sarreraren prezioa: «Gehiago eman diezaiokezu proiektuari, baina zure aurrekontua doitua bada, zuk nahi duzuna eman dezakezu». 5 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko. Sarrerak taldearen webgunean daude eskuragarri. Halere, nahi duenak Landako hondartzan bertan erosteko aukera izango du, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.

Le Piano du Lac-en ikuskizuna

Gaur eta bihar, 20:00etan, Landako hondartzan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.