Abuztuaren 11n hasiko da Donostiako Aste Nagusia, kanoikadarekin. Sonakay musika taldeak abestuko du Artillero, Asoleus eta Helduak elkarteetako ordezkariekin batera. Alfonso Gurpegi Donostiako Udaleko festa jardueretako zinegotziak esan duenez, «aurtengo Aste Nagusiak musika, arte eszenikoak, dantza, zinema, su festa, tailerrak eta kirola bilduko ditu». Jai horietan festak «auzo guztietan» lekua izatea nahi dutenez, 30 gunetan banatuko dira aste osoan eskainiko diren 482 ekitaldiak. Bi gune berri izango dira: Altza eta Intxaurrondo auzoak. Gainera, «pertsona guztientzako lekua» izatea nahi dute; adina, adibidez, oztopo bat izan gabe.
Udalaren egitarau zabal eta aberats horren barnean, aipatzekoa da Jaime Caballero igerilariak 25 orduz jarraian igeri egingo duela alboko esklerosi amiotrofikoa pairatzen dutenen alde. Saguesko kontzertuak jada aurkeztuak zituzten: Amaia Montero, Zea Mays, Dvicio, Iseo & Dodosound with the Mousehunters, Alvaro Soler, Vendetta, Marky Ramone eta Jarabe de Palo. Su festak ere izango dira, eta, Aste Nagusiaren azken egunean ohikoa den bezala, abuztuaren 18an Nordic Beats ikuskizun piromusikala eskainiko dute lehiaz kanpo.
«Jai hauek errespetuz eta poztasunez ospatzeko aukera denok izan behar dugu», esan du Eneko Goia Donostiako alkateak. Horregatik, argi utzi nahi izan du Aste Nagusian, eta urte osoan, eraso sexistak «sobera» daudela. Alkateak herritarrei deia egin die: «Donostiar guztiok batera aurre egin behar diogu indarkeria matxistari».
Piratek, musika lotuta
Donostiako Piratek oraindik ez dute eman egitarau osoaren berri, baina iragarri dituzte dagoeneko Flamenkan izango diren kontzertuak: Skakeitan, Krii Kolektiboa, Green Valley, Olatz Salvador eta Serrulla taldeak entzun ahalko dira, besteak beste.
Dena prest Donostian
Donostiako Udalak Aste Nagusiko egitarau ofiziala aurkeztu du. Beste bi auzotara zabaldu dute jaia: Intxaurrondora eta Altzara

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu