Presoen harreretako antolatzaileen informazioa eskatu du fiskalak

Fiskalak dio baduela gaia ikertzeko eskumena. Otegik dio harreren formula «berria» behar dela

Maider Galardi
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaerari erantzunda, fiskaltzak bere gain hartu du euskal presoen harrerak ikertzeko ardura, eta Guardia Zibilari eskatu dio ongietorriak antolatzen aritu direnen inguruko informazioa lortzeko. Orain, fiskalaren helburua da harrera horietan «terrorismoari gorazarre» egin ote zitzaion aztertzea, eta, zehazki, eskatu du joan den uztailaren 27an eta 28an egindako harreretako antolatzaileak nor diren identifikatzea.

Orain hamar egun, Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte aske gelditu ziren, 29 eta 22 urte espetxean egin ostean, hurrenez hurren. Baldori uztailaren 27an egin zioten harrera, Hernanin (Gipuzkoa), eta Ugarteri, berriz, 28an, Oñatin (Gipuzkoa). Espainiako Gobernuak harrera horien inguruko auzibidea irekitzeko eskatu zuen, eta Covitek, AVTk eta Voxek salaketa bana jarri zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Eusko Jaurlaritzak ere gaitzetsi egin zituen harrera horiek, ETAren biktimentzat «mingarriak» direlakoan, baina auzitara jotzea baztertu zuen, argudiatuz ongietorriek ez dutela legea hausten.

Erreakzio soka luzea ekarri du euskal presoen harreren auziak, eta, besteak beste, Foro Sozialak eskatu du ongietorrien formatuaren inguruko hausnarketa bat egiteko. «Judizializazioa» ez dela bidea, baina harrera horiek eremu pribatura mugatu behar direla azaldu zuen Foro Sozialak joan den astean. Etxerat-en arabera, Forokoena izan da gaiaren inguruan egindako gogoeta «eraikitzaile» bakarra, eta Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak nabarmendu zuen harrerak ez direla izan behar «biktimak mintzeko» ekitaldiak. Are, Sarekoek eskatu dute «bateragarri» izan daitezela presoaren senide eta lagunen «poz legitimoa» eta «biktimekiko errespetua».

Formula berri baten bila

Hain justu, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Ser irratian egindako elkarrizketa batean esan du euskal presoen harreretarako «formula berri bat» bilatu behar dela: «Modu bat kartzelatik irtendakoek senideen harrera izan dezaten, eta, aldi berean, biktimak umiliatuta sentitu ez daitezen». Foro Sozialaren proposamena aintzat hartuta, ordea, esan du espazio itxietan ez dela jendea sartzen.

Otegik salatu du polemikaren atzean «elkarbizitza lokazteko xede politikoa» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.