Jaurlaritzak esku-eskura dauka langabezia %10etik jaisteko helburua betetzea

%10,1era jaitsi da tasa urteko azken hiruhilekoan, Eustaten arabera. 106.000 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

xabier martin
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren erdian lortuko du amaierarako ezarri zuen helburua: langabezia tasa %10etik jaistea bere eskumeneko lurraldeetan. Orain bi urte aurreikuspen zuhurregia egin zen, edo enplegu hazkundearen eboluzioa espero baino hobea izan da; bietako batek azaldu behar du mugarria, edo biek. Kontua da 106.200 pertsona daudela langabezian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustatek atzo jakinarazi zuenez, eta langabezia tasa %10,1era jaitsi dela jadanik. 2018. urteko lehen hiruhilekoan baino 10.400 langabe gutxiago daude, 1,2 puntuko jaitsiera handia egon ondoren. Beraz, betetzear da Lakuak legegintzaldi bukaerarako jarritako helburua.

Langabeziaren jaitsierak eragin handiagoa izango du emakumeen artean gizonen artean baino. Aurreko hiruhilekoan 7.300 emakume atera dira langabeziatik, eta gaur egun 54.500 dira langabeak Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan. Bestalde, 3.000 gizonezko langabe gutxiago daude, eta, guztira, 51.700 dira gizon langabeak.

Lurraldeka, berriz, langabeziaren jaitsiera handiena Bizkaiak izan du, 5.000 langabe gutxiago baitaude orain; horrek %11,6ko tasa ekarri dio. Gipuzkoan 26.000 langabe daude, 3.000 gutxiago; %7,7ko tasa dauka. Eta Araban 2.300 pertsona gutxiago daude langabeen zerrendan azken hiruhilekoan; Arabak %10,5eko langabezia tasa dauka.

Familien egoera

Okupatuen kopuruak ere nabarmen hobetu dira, Eustaten arabera. Apirilaren eta ekainaren artean 940.300 okupatu zenbatu zituen estatistika institutuak, urtarrilaren eta martxoaren arteko epealdian baino 23.400 gehiago. Hala, %57ko jarduera tasa dago EAEn, orain hiru hilabete baino zortzi hamarren handiagoa. Bizkaiak 14.100 langile irabazi ditu azken hiruhilekoan; Arabak, 5.800; eta Gipuzkoak, 3.600.

Horiek horrela, biztanle aktibo izan arren, 35.500 familia daude kide guztiak langabezian dituztela. 4.400 gutxiago dira, dena den, lehen hiruhilekoarekin alderatuta. 885.000 familia daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bada, horien herenetan ez dago biztanle aktiborik. Alegia, erretiroa hartutakoek osatzen dituzte familia horiek. Familien erdietan, berriz, kide aktibo guztiak daude okupatuta; eta 9.500 familia gehiago daude zorioneko zerrenda horretan.

Eusko Jaurlaritza oso gustura azaldu da bai langabezia murriztu delako, bai emakumeen okupazioak gora egin duelako. Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuaren arabera, «lan merkatuaren susperraldiak aurrera jarraitzen du». Zertan hobetu behar den? Sortzen den «enpleguaren kalitate mailan» eta «lan merkatura sartzea gehien behar dutenen sarreran», Artolazabalen iduriko. Gizonen okupazio tasa (%72) emakumeen tasa (%44,7) baino handiagoa da oraindik ere, sailburuak atzo gogoratu zuenez; azpimarratu zuen 15.200 emakume okupatu berri daudela azken hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.