Koronabirusa

Autonomoek langabezia sariari eutsiko diote, negozioa ireki arren

Alarma bukatzen den hilaren amaierara arte iraungo du. Hegoaldean, 64.000 lagunek jaso dute

Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hilaren 11tik aurrera beren denda, taberna edo kontsulta irekitzen duten langile autonomoek ez dute galduko langabezia sari berezia. Gizarte Segurantzak zehaztu duenez, dagoeneko saria eskuratu duten autonomoek eutsi ahal izango diote sari horri alarma egoerak iraun bitartean. Neurri horrekin lortu nahi du Espainiako Gobernuak autonomo gehiagori errentagarria izatea konfinamenduaren amaieraren lehen fasean negozioa irekitzea. Izan ere, ez du inork espero negozio horiek krisi aurreko jarduera laster berreskuratzea, eta, diru sarrera bat bermatuta edukiz gero, autonomo gehiagok egin dezakete normaltasunerako lehen urratsa.

Hain zuzen ere, atzo jaso zuten autonomoek apirilari dagokion langabezia sari bereziaren bigarren zatia. Hego Euskal Herrian, 64.000 autonomok eskuratu dute: 26.008k Bizkaian, 18.030k Gipuzkoan, 13.542k Nafarroan, eta 6.357k, berriz, Araban.

Apirilaren 17an jaso zuten lehen zati bat, martxoaren 14tik ordura artekoa; orduan saria jaso zutenek erdia eskuratu behar zuten, eta osorik, berriz, orduan ezer kobratu ez zutenek.

Hego Euskal Herrian 215.000 langile daude Gizarte Segurantzaren autonomoen erregimenean. Hau da, hamarretik hiruk jaso dutela.

Espainiako Gobernuak autonomoentzat sortutako langabezia sari bereziaren bitartez kotizazio oinarriaren %70 jaso dezakete jarduera osoa edo %75etik gora galdu duten autonomoek. Gutxieneko saria 661 euro da. Gainera, saria jasotzen dutenek ez dute Gizarte Segurantzaren kotizazioa egin behar.

Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioak azaldu duenez, alarma egoera amaitzen den hilabeteko azken egunera arte emango du saria.

Aldi baterako erregulazioak

Espainiako Gobernua aztertzen ari den beste neurri bat da aldi baterako enplegu erregulazio bereziak luzatzea. Alarma egoera luzatzerik ez badu —Kongresuan ez duelako gehiengorik—, normaltasun epeak iraun bitartean erregulazioak luzatzea ahalbidetu nahi du. Dendarien eta ostalarien elkarteak, berriz, malgutasuna eskatzen ari dira erregulazioetan. Hurrengo asteetan jardun mugatuarekin zabaldu behar dutenez, eskatu dute irekitzean langile guztiak hartu behar ez izatea, etakaleratzeak egiteko debekua altxatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.