Puigdemont: «Ez dut hogei urte itxarongo Kataluniara itzultzeko»

Belgikara joango da larunbatean Puigdemont, eta handik jarraituko du lan politikoan

2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Lau hilabete pasatu dira Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak Alemanian prozesu judiziala hasi zutenetik. Aske utzi dute Espainiak euroagindua indargabetzean, ustelkeria eta matxinada leporatuta. Atzo agerraldia egin zuen abokatuekin batera, Berlinen, eta jakinarazi zuen Belgikara itzuliko dela larunbatean, Kataluniako Errepublikaren Kontseilua martxan jartzeko. «Nire jarduera politikoa Belgikatik egingo dut», esan du Puigdemontek, eta gaineratu du espetxean dauden kideak askatzeko lanean jarraituko duela. «Ez dut hogei urte itxarongo Kataluniara itzultzeko», nabarmendu du.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteari esan dio bere alderdiaren botoak jaso zituela gobernua osatzeko, eta botoak jaso dituenaren egitekoa dela horiei erantzutea. Hori horrela den bitartean ez dutela botoa aldatuko ziurtatu du presidente kargugabetuak. Espainiako gobernu aldaketarekin pozik agertu da, eta nabarmendu du «estilo, klima eta hizkera» aldaketak nabari direla. Puigdemontek positibotzat jo ditu Quim Torra Generalitateko presidenteak eta Sanchezek izandako elkarrizketak, eta gaineratu du «errespetuzko» tratua izan zutela bi presidenteek. Hala ere, Madrilek«hitzetatik ekintzetara» pasatu behar duela azpimarratu du presidente ohiak.

Negoziazioak Madrilekin

Puigdemontek ez du baztertzen Madrilekin negoziatzea, baina bi aldeek prest egon beharko dute horretarako. Puigdemontek uste du Espainiako Gobernuak autodeterminazioaren aldeko jarrera erakutsi edo erreferenduma baimenduko balu bere alderdiak babesa emango liokeela Sanchezi. Erreferenduma egiteko Eskozian eginiko galdeketa «eredugarritzat» jo du berriz ere. «Etendako egunerokora» itzultzeko, uste du beharrezkoa dela preso politiko eta iheslariak beren lanpostuetara itzultzea. Hori izango litzateke «konponbidearen hasiera», Puigdemonten ustez. Gaineratu du Espainiako Gobernuak elkarrizketak izan dituela «ETAko terroristekin», eta «absurdoa» dela Kataluniako mugimendu subiranistarekin hitz egin nahi ez izatea, mugimendu «demokratiko» eta «erabat europazalea» izanik. Torra eta Elsa Artadi Generalitateko bozeramailea Bruselara joango dira asteburuan, Puigdemontekin biltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.