Bizkaiko foru eraikinen garbitzaileek mobilizatzen jarraituko dute

Soldata 2022rako %7,2 handitzea eskaini diete, baina %6,54ko igoera «orain» egitea nahi dute

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Lanbasa esku batean eta bestean pankarta zutela. Horrela egin zuten protesta atzo Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaileek. Hamaikagarren aldiz.Ia urtebete daramate gatazkan garbitzaileek, eta Itsasne Nuñez LABeko kideak uste du aste honetan urrats bat gehiago egin dela negoziazio mahaia blokeatzeko bidean. Izan ere, aldundiko garbitzaileak azpikontratatuta daude, eta udaletako langileen baldintzak arautzen dituen Udalhitz akordioan bilduta dagoen soldata baino %6,54 gutxiago jasotzen dutela salatzen ari dira hilabeteetan. Beraz, soldata aipatu kopuru horretan«ahalik eta azkarren» handitu dadila aldarrikatzen ari dira garbitzaileak. Baina enpresak herenegun proposamen berri bat jarri zien mahai gainean: %7,2 handituko diela soldata, baina 2022. urterako. «Guk hurrengo urterako eskatzen dugu %6,54ko soldata igoera hori, baina euren proposamenarekin 2019an %2,4 haziko litzateke soldata». Enpresa tranpa egiten ari dela salatu zuen.

Horregatik, «hasierako helburutik gertuago dauden arren», negoziazio mahaia blokeatzeko bidean ere egon daitekeela azaldu zuen Nuñezek. Izan ere, eurek eskatzen duten soldata igoera hobetuz baina proposamena epe luzeago batera eramanda, «joko zikina egiten ari dira». Azken batean langileen artean «bereizketa» lortu nahi dutela zioen. Baina horrelakorik ez dagoela aurreratu zuen, eta, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek babestuta, borrokan jarraitzen dute. Hilaren 19an daukate enpresarekin hurrengo bilera, eta datorren astean langileekin batzarrak egingo dituzte egoera berria aztertzeko. Urtea amaitu baino lehen akordioa lortu ahal izateko, ez dute baztertzen lanuzteak ere egitea.

Greba eskubidea, «urratua»

Joan den ostiraletik greba mugagabean daude, ordea, NH eta Barcelo Nervion hoteletako gela garbitzaileak. Bada, ELA sindikatuak atzo ohar bidez salatu zuenez, «greba eskubidea urratu» egin zen hotel horietan gelak garbitzeko beste enpresa bat kontratatu izanagatik. MTVren EMA sarien galaren harira Ertzaintzak izandako jarrera ere salatu zuen sindikatuak, «greba ordena publikoko arazo gisa» hartzeko agindua baitzuten. Horregatik, Segurtasun Sailari eskaera egin zioten «grebalarien eskubideen alde» lan egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.