Preso eta iheslaririk gabeko agertokia aldarrikatu dute Baionan

«Ardura historikoz» jokatzeko eta «bake prozesua bururaino» eramateko eskatu diote Macroni. Etziko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute

Euskal preso eta iheslari ohien agerraldia, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Agerraldia egin zuten, atzo, euskal preso eta iheslari ohiek Baionako merkatuan, eta «ardura historikoz» jokatzeko eta «bake prozesua bururaino» eramateko eskatu zioten Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. «Preso guztien kaleratzea, erbestean dauden guzien etxeratzea eta militante guzien eskubideak errespetatzeko prozesua gauzatzeko ordua da». Halaber, preso eta erbesteratu ohien kontrako salbuespen neurriak desagertu behar direla ere aldarrikatu zuten, Fijait neurriei, lurralde debekuei eta kanporatze administratiboei erreferentzia eginez. Ipar Euskal Herrian eraiki den elkarlan dinamikarekin bat egiten dutela eta parte sentitzen direla berretsi zuten, eta Bakegileek eta Sarek etziko antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu.

Euskal preso eta iheslari ohien kolektiboak nabarmendu zuen COVID-19aren krisiak ondorio negatiboak izan dituela euskal presoengan eta haien senideengan. «Kartzelan ezarritako osasun neurriek bakartzea areagotu dute, bisiten murriztearekin edo bertan behera uztearekin». Osasun krisiaren hastapenean, milaka preso askatuko zituela hitzeman zuen Frantziako Gobernuak, baina deitoratu zuten euskal presoak kanpo utzi izana, «terrorismoaren aurkako legedien aitzakian». Preso eta iheslari ohiek adierazi zuten agertoki berri bat eraikitzearen alde egiten dutela, «eskubide guztien errespetuan oinarrituko dena».

Urrutikoetxeaz eskea

Parisko Dei Auzitegiak ontzat eman zuen, atzo, Luis Herguetaren hilketagatik Josu Urrutikoetxearen aurka Espainiak egindako estradizio eskaera. Baina defentsak helegitea jarriko du Kasazio Auzitegian. Aldeko iritzia emangobalu, Frantziako Gobernuak izango du azkeneko hitza, kasua estradizio eskaera denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.