Harremanetarako Taldeak ere bozak eskatu dizkio Madurori

Mexikok, Boliviak eta Karibeko Estatuen Batasunak ez dute sinatu taldearen adierazpena

ander perez zala
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) sustaturiko Harremanetarako Nazioarteko Taldeak lehen batzarra egin zuen atzo Venezuelako egoeraz eztabaidatzeko, eta hainbat ondorio atera zituzten. Horietako batek oihartzun handiagoa izan zuen, asteotako aldarrikapenarekin bat egiten duelako: hauteskundeak beharrezkoak direla krisia amaitzeko. Taldeak Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari bozetarako deia helarazi zion, «ahalik eta eperik laburrenean».

EBrekin batera, Karibeko Estatuen Batasuna (CARICOM), Espainia, Portugal, Italia, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Herbehereak, Suedia, Uruguai, Ekuador, Bolivia, Costa Rica izan ziren atzo Montevideon. Hauteskundeak eskatu arren, ez zuten zehaztu zer-nolakoak nahi zituzten; venezuelarren artean «adosturikoak» izan behar dutela baino ez zuten esan Federica Mogherini EBren diplomazia buruak eta Rodolfo Nin Novoa Uruguaiko Atzerri ministroak. Horrez gain, Madurori eskatu zioten aitor dezala oposizioa gehiengo den Asanblea Nazionala: «Botere banaketa errespetatzea beharrezkoa da», adierazi zuen Nin Novoak prentsaurrekoan.

Eskariak egin arren, harremanetarako taldeak ez zuen zehaztasun handirik eman adierazpenean; «Venezuelako Konstituzioan eta legeetan» oinarritutako «hauteskunde gardenak» aipatu zituen. «Ez gara ari ezartzen ez epemugarik, ez datarik, ez baldintzatik. Venezuelarren auzi bat da. Lagundu nahi dugu. Venezuelarrek erabakitzen badute ez dutela bozik egingo, hala izan dadila. Egin behar direla erabakitzen badute, hala izan dadila. Baina venezuelarrei dagokie erabakitzea».

Adierazpen hori, ordea, ez zuten parte hartzaile guztiek sinatu. Mexiko, Bolivia eta CARICOM euren sinadurak testuan agertzearen aurka agertu ziren, baina ez zuten adierazpena blokeatu, aurrerapausoak beharrezkoak direla argudiatuta.

Martxoan, berriro

Taldeak lankidetza eta negoziazioak izango ditu helburu datozen bi hilabeteotan. Martxoan elkartuko dira bigarrenez, aurrerapausorik eman den zehazteko; tarte horretarako, bulego bat irekiko dute Venezuelan, gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak sustatzeko. Horrekin batera, taldeak laguntza humanitarioa sustatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.