Ia 95.000 atzerritar afiliatu daude Gizarte Segurantzan, Hegoaldean

Urtebetean atzerriko 7.832 pertsona gehiago daude sisteman, %8,32 gehiago alegia

xabier martin
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gizarte Segurantza afiliazioa irabazten ari da azken urteotan, susperraldi ekonomikoarekin batera, eta sisteman izena emanda daudenen artean atzerritarren kopurua ere gora doa etengabe. Oraindik ez da 100.000 afiliatu atzerritarren langa gainditu, baina ez dago urrun mugarri hori, udako sasoian kontratazioek gora egiten baitute; esaterako, landa inguruan. Maiatzean, 94.229 pertsona zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda, betiere Hegoaldeko atzerritarrei dagokienez, eta horrek esan nahi du 2018ko maiatzean baino 7.832 gehiago daudela, %8,32 gehiago.

Lurraldeka aztertzen hasita, Gipuzkoan igo da gehien atzerritarren afiliazioa azken urtean; %10,23 egin du gora, 2.205 afiliatu gehiago. Araban %9,61 igo da: 1.068 pertsona gehiago daude sisteman; Nafarroan ere gora egin du nabarmen erakusleak, %8,57 hain zuzen, eta sistemak 2.377 afiliatu atzerritar irabazi ditu iazko maiatzetik aurtengora; eta Bizkaian %7,69 izan da hazkundea, 2.184 afiliatu gehiagorena.

Maroko eta Errumania

Gizarte Segurantzaren sisteman dauden ia 95.000 atzerritar horietako gehienak erregimen orokorrean araututa daude, 59.926 hain zuzen. Beste 15.474 autonomo gisa aritzen dira askotariko lanetan. Etxeko langile gisa jarduten dute 13.611. Nekazaritza-abeltzaintzaren atalean, berriz, 4.870 daude, gehienak Nafarroan fruituen eta barazkien bilketari lotuak. Eta itsasoko langile gisa aritzen dira beste 348, Gipuzkoan eta Bizkaian, arrantzale gisa gehien-gehienak.

Gizarte Segurantzako atzerritarren jatorriari erreparatuz gero, EBtik kanpokoak dira 60.966, izena emanda dauden guztien %65 ia, eta horietatik gehienak marokoarrak dira, 10.500 inguru. Batasunaren barrukoei dagokienez, Errumaniako jatorrikoa da alde handiarekin multzorik ugariena: Hegoaldean, 14.093 langile errumaniar daude afiliatu gisa Gizarte Segurantzan. Haien atzetik, talderik handiena Portugalgo jatorrikoa da: 6.105 langile. Atzerritarren artean ez daude zenbatuta Espainiatik, Herrialde Katalanetatik eta Galiziatik etorritako beharginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.