Euskal industriaren digitalizazioak onura soziala dakarrela dio Tapiak

Basque Industry 4.0 azokak zibersegurtasunaren arloko berrikuntzak erakutsiko ditu BECen

Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Ez dago industria politika baino politika sozial hoberik, enplegua eta aberastasuna sortzen baititu». Horregatik, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuarentzat garrantzitsua da industriak dituen beharrak ezagutzea. Areago, enpresek eskatuko dituzten profil profesionalak zein eratakoak izango diren jakitea gakoa dela dio, industriaren digitalizazioak «eragin sozial izugarria» izango duelako. «Ekoizpenaren automatizazioak eragin sozial handia sortuko du, eta, horregatik, enpleguak digitalizaziora egokitu beharko du».

Etorkizuneko industriak izango dituen beharretara aurreratu behar dela esan zuen atzo Tapiak, Basque Industry 4.0 jardunaldien aurkezpenean. Industria aldatzera baitoa, sailburuaren arabera: «Esku lanean oinarritutako lan errepikakor asko automatizatu egingo dira; lanpostu horiek desagertuko dira, baina robot horiek programatzeko beharra sortuko da».

Tapiak euskal industria automatizazioan aitzindari izan dadila nahi du, eta, horregatik, uste du euskal enpresak ezin direla alor horretan atzean geratu: «Automatizazioaren eremuan egon behar dute, eta zerbitzu horiek bertako enpresek ase behar dituzte». Beste era batera esanda, industriaren digitalizazioa bertako enpresen eskutik egin behar dela. Eskaintza hori ezagutzeko antolatu dute Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Basque Cibersecurity Center-ek Basque Industry 4.0 jardunaldiak, BEC erakustazokan (Barakaldo, Bizkaia). Azaroaren 20an eta 21ean egingo dute, eta sektoreko 2.000 eragile inguru elkartuko dira. Gehienak Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak izango dira.

Industriako zerbitzuak

Jardunaldiaren aurreko urteetan industriaren ekoizpen prozesuei buruz aritu dira nagusiki, baina, aurten, seigarren urtean, beste ildo bat eman nahi diote. Izan ere, ekoizpenera bideratutako enpresen zerbitzuek hartuko dute protagonismoa. «Industria ezin da enpresa horiek gabe ulertu», azaldu zuen Tapiak. Gaur egun, industriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %24,6 ordezkatzen du, eta industria horri zuzenean lotutako zerbitzuak batuz gero, erkidegoko jarduera ekonomikoaren erdia osatzen du. Horregatik, aurtengo Basque Industry 4.0 jardunaldia ez da ekoizpenera bakarrik mugatuko, eta hari zerbitzua eskaintzen dien enpresen jarduera ere erakutsiko dute.

Aurten, gainera, Bilboko Euskalduna jauregitik BECera egingo du salto jardunaldiak, eta parte hartzaileek aukera izango dute erakustazokako pabiloi batean industriaren digitalizazioaren sektoreko berrikuntzak ikusteko. Ehun aditu inguruk hitzaldia eskainiko dute, eta sailburuak zehaztu zuen batez ere euskal enpresetako eragileak batuko direla. Hala ere, nazioarteko puntako adituak ere egongo dira.

Zibersegurtasunaren azoka

Industria digitalizatzen ari baldin bada, horrek berarekin erronka berriak ekarriko ditu. Hau da, enpresetan zibersegurtasunaren eremuan aurrerako urratsak egin beharko dira. Horregatik, aurtengo Basque Industry 4.0 jardunaldiak iaz abiatu zen Basque Cibersegurity Day jardunaldia ere bere egin du. «4.0 industriari buruzko ezagutza zabaltzea xede duen jardunaldi batek sareetako segurtasunaren parametroa sartu behar du programaren barruan».

Sailburuak azaldu zuenez, zibersegurtasunaren arloko nazioarteko erreferente bihurtu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta etorkizuneko beharrak arlo horretan sakonduz ere ase beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.