Armeniako genozidioa aitortu dute AEBetako legegileek

Ordezkarien Ganberak adostutako ebazpenak Turkiaren eta AEBen arteko beste gatazka diplomatiko bat sortu du, Siriako aferaren erdian

Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako armeniarren komunitatearen eskaera historiko bat bete zuen herenegun Ordezkarien Ganberak: 1915ean Otomandar Inperioak Armeniarren aurka egindakoa «genozidio bat» izan zela aitortzea. Ebazpenak 405 boto izan zituen alde, eta 11 kontra. Minutu gutxi lehenago, Turkiaren aurkako zigorrak ere onartu zituen ganberak, Siria iparraldean egindako erasoengatik.

Turkia eta AEBen arteko tentsioa nabaria den une batean onartu zuen testua ganberak.AEBetako tropek Siria iparraldea utzi bezain pronto Turkiak lurraldeari eraso izana gogor kritikatu dute AEBetako ordezkari askok, eta Donald Trump presidenteak hainbat kritika entzun behar izan ditu bere jokabideagatik.

Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak ere Siriako aferarekin lotu zuen ebazpena: «Haien proiektuek porrot egin dute, eta iraganeko ebazpenetara itzuli dira», adierazi zuen Twitter bidez.

Turkiak ez du inoiz aitortu Otomandar Inperioak Lehen Mundu Gerraren testuinguruan egin zuen genozidioa. Turkia beldur da aitorpen horrek zalantzan jarriko ote lukeen Turkiako estatu modernoaren izatea bera, eta legitimitatea aitortuko ote liokeen Armenia Handiari. AEBetako ikerlarien arabera, 1914an 2 milioi inguru ziren armeniarrak Otomandar Inperioan, eta 1922an ez ziren 400.000ra iristen. 1,5 milioi pertsona inguru hil eta kanporatu zituzten.

Turkiak oldarkor jokatu du azken urteetan hura genozidioa izan zela aitortu duten herrialdeekin. Guztira 30 inguru dira, tartean, Frantzia, Alemania, Kanada eta Errusia. «Genozidio» hitza tabua da Ankararentzat.

Legezko baliorik ez

Trumpen gobernuak ez du adierazpenik egin, baina ez dio trabarik jarri ebazpenari. Aitorpenak ez du legezko baliorik, bainaAEBetan aitortu izanak hainbat herrialde bultza ditzake bide bera jorratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.