Jose Luis Escrivak %30 handitu nahi du kotizazio oinarria 30 urtean

Gehieneko pentsioen igoera geroago egingo litzateke, sistemari gastu igoera atzeratzeko

Irune Lasa.
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gaur egun, Espainiako Gizarte Segurantzatik jaso daitekeen pentsiorik altuena 2.819 eurokoa da. Era berean, mugatua dago kotizazio ordainketa ere; soldatek gehienera 49.672 eurora arteko zatiarengatik kotizatzen dute. Kopuru horretatik gorako soldata handietan, enpresek eta langileek ez dute kotizatzen gainerako zatiagatik.

Egoera horretan daude milioi bat soldatapeko inguru Espainiako Gizarte Segurantzan. Eta haien baldintzak aldatzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua, pentsio sistemaren sarrerak handitzeko asmoz.

Gizarte Segurantzako Ministerioaren asmoa litzateke kotizatu beharreko soldataren zatia handitzea, kotizazio oinarria, 65.000 euroraino, betiere inflazioa deskontatuta. %30eko igoera hori mailakatua izango litzateke, 30 urtean egitekoa; kotizazioaren sabaia urtero inflazioa adina handituko litzateke, eta horri urtero %0,88 inguruko igoera bat gehituko litzaioke.

Diferentzia epeetan

Era berean, gehieneko pentsioa ere handiagoa izango litzateke, egungo ia 40.000 euro horietatik 52.000 euroraino igota, eta hor ere inflazioa kontuan hartuko litzateke. Baina gehieneko pentsioen igoera hori ez litzateke kotizazio oinarrien igoerarekin batera joango; diferentzia bat egongo litzateke, «urte batzuetakoa».

Tarte horrekin, ministerioaren arabera, helburua litzateke baby-boom-aren belaunaldien erretiroak iristean pentsio sistemarentzat aurreikusten diren tentsioak apaltzea. Gehieneko kotizazioaren igoerarekin, sistemak diru sarrerak handituko lituzke, hain zuzen, erretiro horiek iristean, eta pentsio handiagoen gastua beranduago letorke, «sistemaren finantza tentsioak amaitzean».

Negoziazio mahaiaren beste alde batean, sindikatuek eta Unidas Podemos alderdiak gehieneko kotizazio muga kentzea nahi dute, soldata osoaren %36 kotizatzea langilearen eta enpresaren artean. Uste dute horrekin 10.000 milioi euro gehiago bilduko lituzkeela sistemak, baina neurri horren kontra agertu da Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa.

CEOE patronala, berriz, kotizazioen igoeraren kontra dago. Edonola ere, Escrivak zirt edo zart egin behar du; izan ere, Bruselaren agindua jarraiki, erreformak urtea amaitu aurretik egon behar du erabakita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.