Lan Ikuskaritzaren oniritzi beharrak ezer gutxi aldatuko du ELAren ustez

Salatu du Enplegu Lege berriarekin ez direla indargabetuko aurrekoaren murrizketa nagusiak

Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
ELAk salatu du enpresa batean lan erregulazio bat egiteko Lan Ikuskaritzaren oniritzia behar izateak ez duela «funtsezko aldaketarik ekarriko» kaleratzeetan. Sindikatuak azaldu du ikuskariek egun ere hainbat erregulazio gainbegiratzen dituztela eta haiek derrigorrezko bihurtzeak ez duela eraginik izango. Izan ere, haren arabera, ikerlariek ez dituzte sakoneko arrazoiak aztertzen, eta, ondorioz, txostenek ez dute balio izaten epaileen iritzia aldatzeko.

ELAren ustez, Espainiako Gobernuko alderdiek EH Bildurekin adostutako Enplegu Legeari buruzko zuzenketa «ezin da garaipentzat hartu». Sindikatuak bere iritzia plazaratu du ohar bidez, eta erabakiaren analisi zorrotza egin du. «Ikuskariak ez dira langileen aldekoagoak epaileak baino, eta haien parte hartzeak ez du berme gehigarririk ematen», nabarmendu du.

Sindikatuaren arabera, azken hilabeteetan ikusitako ikuskarien txostenetan oinarritzen du iritzi hori, eta Novaltiako botika enpresako eta Vulcanizados Zuloaga lantegiko langileen grebak aipatu ditu eredu gisa. Enpresa horietako grebalari gehienak ELAko afiliatuak dira. «Greba horietan grebalarien eskubideak etengabe urratu dira, eta lan ikuskariek ez dute ezer egin. Eta, egin izan dutenean, enpresaren alde egin izan dute», salatu du.

Ikuskarien lanari gabezia handiak ikusten dizkie ELAk. Horien artean nabarmenena da lan erregulazioak ikuskatzean ez dituztela sakoneko arrazoiak aztertzen. Are gehiago, ikuskari gabezia ere kontuan hartu beharreko beste aldagai bat dela iritzi dio: «Ikuskari kopurua handitu ezean, Ikuskaritzak ez du baliabiderik hamabost eguneko epean ganorazko txostenak egiteko». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Jaurlaritzaren menpeko ikuskariek egingo dituzte txosten horiek; Nafarroan, berriz, Espainiako Gobernukoek dute eskuduntza.

Arazoaren muina 2012ko lan erreforma ez indargabetu izana da, ELAren iritziz, eta pauso hori emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Erreforma onartu zenetik enpresariek ez dute Lan Agintaritzaren beharrik erregulazioak egiteko. Era berean, kaleratzeak egiteko arrazoiak asko ugaritu ziren, «baita mozkinak dituzten enpresentzat ere». Sindikatuak azaldu du bi aldagai horiek berdin jarraituko dutela. Era berean, nabarmendu du CEOE patronalak zuzenketa kritikatu izanak ez duela on bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.