Nor bere tokiaren bila apalategietan

2018an, Errioxa eta Nafarroa sor-marketako ardogileek salmentak jaitsi dituzte, eta urte hasiera ere ez da ona izan. Upategiak prest daude egoerari buelta emateko, eta argi daukate esportazioek gero eta garrantzi handiagoa daukatela ardoaren merkatu globalizatuan.
Samaniegoko (Araba) Baigorri upategiko ardo botilen ilara.
Samaniegoko (Araba) Baigorri upategiko ardo botilen ilara. RAUL BOGAJO / FOKU

Beñat Alberdi -

2019ko apirilak 13
Globalizazioa barruraino sartu da upategietan ere. Ardoaren merkatua gero eta nazioartekoagoa da: gaur egun, ehun herrialdetik gorak ekoizten dute ardoa, eta lehia bizia da. Botilaz beteta daude nazioarteko apalategiak, eta euskal ardogileak lanean ari dira kanpoko merkatuetan toki propioa irabazteko. Nafarroako ardoek badute Nafarroa sor-markaren aterkia, eta Arabako Errioxako ardoek —eta nafar batzuek— badute Errioxa sor-marka, nahiz eta azkenaldian arabarrei aterpea lasta ere bilakatu zaien, bereziki atzerrian garestiago saltzeko. Urte kaskarra igaro dute Hegoaldeko upategiek, eta 2019ko zenbakiek ere ez dute nabarmen hobera egin. Egoera horretan, zer egin?

Iazkoa ez zen izan urterik onena ardo ekoizleentzat. Hala diote behintzat Errioxa sor-markaren kontseilu arautzailearen zenbakiek: ardoaren salmenta %7,35 jaitsi zen: 21 milioi litro gutxiago. Nazioarteko salmentei erreparatuz, jaitsiera ia %11koa izan zen. Nafarroako ardoen salmenta 11 milioi litro txikitu zen (-%5,4).

Urte txarrak, dena den, ez ditu asko kezkatu ekoizleak. «2017an mahatsaren oso uzta txarra izan genuen munduan», azaldu du Jose Luis Lapuente Errioxa sor-markako zuzendari nagusiak. Izozteek zuzenean eragin zieten mahastiei, eta ez zuten aurreko urteetan beste eman. Merkatuaren logikari jarraikiz, eskaintza apalagoarekin salneurriek gora egin zuten. Erosleek ez zuten horren ondo hartu igoera: «Bizkarra eman ziguten bezeroek. Mezua garbia zen: prezio batetik gora bazaude, ez dizugu erosiko», argitu du Javier Ruiz de Galarreta Araex Arabako Errioxako upategi esportatzaileen taldeko zuzendariak.

Urte hasieran, zenbakiek ez dute hobera egin. Errioxa sor-markan %15 jaitsi ziren salmentak urtarrilean, eta %1,7 otsailean. «Goiz da oraindik larritzeko. Lehenengo hiruhilekoko edo lauhilekoko zenbakiak dauzkagunean ikusiko dugu», zehaztu du Lapuentek.

Lasaitasun mezua zabaldu du Sonia Benito Nafarroako Upategien Elkarteko kudeatzaileak ere: «Epe motzean, espero dugu merkatuko kuotak berreskuratzea».

Egoeragatik kezkatuta

Ordea, Arabako Errioxako upategiek ez dute horren begi onez ikusten egoera. Ez dute izan sor-markako gainontzeko ardoek adinako jaitsierarik, baina sor-marka bera muga bihurtu zaie neurri handi batean. «Upategi gehienak dagokien baino merkeago ari dira saltzen ardoa», nabarmendu du Ines Baigorrik, Abra Arabako Errioxako upategi txikien elkarteko zuzendariak. Abrakoek Arabako Errioxako klima eta lurra probestu nahi dituzte; balio erantsia lortu, egoera geografikoa dela medio lortzen dituen ezaugarriekin. «Enpresa txikiak gara, eta produktu berezi eta bereizia egiten dugu. Txapel modura daukagun markak ez badauka baliorik, kalte egiten digu».

Antzeko arazoa aurkitu dute Araexeko kideek ere. Ruiz de Galarreta elkarteko zuzendariak azaldu du sor-markaren posizionamendua kaltegarria zaiela. «Zortzi edo bederatzi euroko ardo botilak ondo saltzen ditugu. Hortik aurrera, jaitsi egiten dira salmentak». Kontua da kosta egiten zaiela Errioxa zigilupean ardoa garestiago saltzea, bezeroek ez dutelako identifikatzen sor-marka hori ardo berezi moduan, horrenbesteko balioko ardo moduan.

Hala ere, Araexekoek begi onez ikusten dute etorkizuna. 2017an, Errioxa sor-markak produktuak segmentatzeko erabakia hartu zuen. 2018tik aurrera, zigiluaren barruan sartu zituzten hainbat ardo kategoria: herrikoak, eskualde batekoak eta mahasti berezietakoak. Baldintza batzuk betez gero, etiketan jarriko dute zer herri, eskualde edo mahasti berezitakoa den. «Orain, esaterako, Arabako Errioxa jarri ahal izango dugu, Errioxa sor-markaren tamaina berdinarekin, letra tipo berdinarekin», argitu du Ruiz de Galarretak.

Neurri berriak produktuak segmentatzeko balio izango die; Errioxa sor-markaren barruan Arabako Errioxari balio erantsia emateko erabili nahi dute. Ez Arabako Errioxari bakarrik, baita Guardia herriari edo Bastidari ere, eta hogei urteko mahastiei. «Teknologia berriekin, bezeroak upategiraino irits daitezke», zehaztu du Ruiz de Galarretak. «Ezin dugu jarraitu Errioxa marka erabiltzen inguru guztiak berdinak balira bezala».

Baigorrik argitu du Abrakoentzat «lehenengo urratsa» dela, baina oraindik badaudela gehiago emateko. «Kontseilu arautzailearentzat, ardo garrantzitsuena ardo normala da. Mahasti bereziei, herrikoei eta eskualdekoei garrantzia gehiago ematea lortu behar dugu».

Berez, 2018an onartu zuten neurria, baina ez orduko ardoak horrela etiketatzeko garaiz. 2019 amaiera aldera merkaturatuko dituzte produktuak etiketokin. Ikusteko dago, beraz, erabakiak zenbateraino balioko dien Arabako Errioxako ekoizleei.

Nafarroa sor-markoek, berriz, ardoak nazioartean gehiago saltzea jarri dute helburu. «Sustapena bultzatuko dugu markatutako herrialdeetan: azokak, misio komertzialak eta abar», nabarmendu du Benitok. Txinan, Alemanian eta Erresuma Batuan saltzen dituzte atzerrian ardo gehien Nafarroako upategiek.

Nazioarteak garrantzia du Arabako Errioxako upategientzat ere; denek saltzen dituzte ardoak atzerrian. Baina nazioarteari buruz hitz eginda, nahitaezko galdera dator: zer gertatuko da brexit gogorra izaten bada?

«Guretzat, merkatu oso interesgarria da Erresuma Batua», esan du Josu Garaialde HAZIko sustapen zuzendariak. «Ia ez daukate berezko ardorik, prezio polit batean erosten digute, eta geografikoki ez dago urrun».

'Brexit' gogorraren eragina

Akordiorik gabe Europako Batasunetik irteteak, ordea, eragin gogorra izango luke produktu esportatzaileentzat. «Ikaragarrizko ilarak sortuko lituzke aduanan», uste du Ruiz de Galarretak. «Gainera, ardoa ere laborategietan aztertu beharko lukete. Asko atzeratuko zen dena. Ardoa saltzen duten denda asko stocka osatzen dabiltza».

Orokorrean, dena den, lasaitasunez begiratzen diote Erresuma Batuaren dibortzioari: inork ez du espero bat-batean herrialdea batasunetik irtetea. Baina, hala gertatuko balitz ere, Abrakoen kezka larriena ez da merkatua bera galtzea, baizik eta bestelako ondorioak jasatea: «Erresuma Batua ez da horren garrantzitsua gurean. Baina saltzaile asko beste merkatu batzuetara joango lirateke, gure upategiak dauden merkatuetara».

Egon badago aukera itunik bako brexit-a gertatzeko, eta Garaialdek argitu du begiz jota dauzkatela beste merkatu nagusi batzuk. «AEBetako eta Japoniako merkatuak garatzen saiatu behar dugu. Japonia da munduan ardo erosleen artean seigarrena, eta AEBak lehenengoa. Gainera, prezio onean erosten dizkigute ardoak: litroa sei eurotik gora AEBetan, eta bost eurotik gora Japonian».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna