Enpresen arabera egingo dira erregulazioak, ez sektoreka

Espainiako Gobernuak dio «lege zailtasunak» daudela langileen oraingo diru laguntzei eusteko

jokin sagarzazu
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat eskatzeko, enpresa bakoitzak COVID-19aren krisiak nola eragiten dion justifikatu beharko du, eta horren araberakoak izango dira jasoko dituen laguntzak eta jarriko dizkioten baldintzak. Hori adostu dute Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek, eta CEOE eta Cepyme patronalek, erregulazioen tresna luzatzeari begira eginiko lehen bileran. Irail amaieran bukatzen da oraingo araudia. Sindikatuek eskatu dute COVID-19aren krisiak iraun bitartean mantentzeko, eta gobernuak eta patronalek ere luzatu nahi dituzte, baina ez dute zehaztu noiz arte.

Hiru aldeak bat datoz gai batean: aldi baterako erregulazioak enpresen beharren arabera luzatu behar direla, eta ez modu orokortuan edo sektore eta eremu geografikoen arabera. Jakitun daude formula horrek hainbat oztopo dituela: adibidez, bereiztea «benetan» zein enpresak behar duen laguntza eta zeinek ez. Hori nola zehaztu aztertuko dute datozen bileretan. Patronalek «kontrol neurriak» zabaltzea proposatu dute.

Horrez gain, egun dauden erregulazio motei eusteko eskatu dute sindikatuek eta patronalek, eta gobernuak begi onez hartu du. Bereziki, birusaren agerraldiengatiko erregulazioen kasuan. Horren arabera, orain arte tresna horri uko egin dieten enpresek edo langile batzuk ala denak erregulaziotik atera zituztenek badute eskubidea erregulazioetara bueltatzeko.

Argitu beharrekoak

Mahai gainean duten beste puntu bat da langabezia sariaren zenbatekoari buruzkoa. Egun, langile bakoitzak bere nominaren soldata oinarriaren %70 jasotzen du, muga batzuekin: hilean 1.412 euro gehienez. Baina sei hilabete igaro ondoren, %20 gutxitzen da kopuru hori. Langile asko urri hasieran egongo lirateke egoera horretan; zehazki, krisia hasi zenetik erregulazioan daudenak.

Sindikatuentzat «ezinbestekoa» da %70eko oinarria mantentzea, eta patronalak ados agertu dira horrekin. Gobernuak, baina, ez du argi ikusten, hori egiteko Mariano Rajoyren gobernuaren lan erreforma aldatu beharko litzatekeelako. Horren arabera, langabezia saria jasotzen dutenei ere eragiten die murrizketak.

Horrekin batera, sindikatuek eskatu dute aldi baterako kontratuen eta aldizkako langile finkoen arazoa konpontzeko; izan ere, erregulazio batean egotearen ondorioz, ez dute kotizazio nahikorik, eta gizarte prestaziorik gabe geratzen dira.

Astelehenean hasiko diren negoziazioen beste gakoetako bat izango da gizarte segurantzan egin beharreko ekarpenen ingurukoa: erregulazioan dagoen langile bakoitzarengatik zenbat hartu behar duen bere gain estatuak eta zenbat haren enpresak. Hori ere enpresa bakoitzaren beharren arabera zehaztu nahi dute hiru aldeek.

Orain, erregulazioei uko egin ez zioten enpresek badute eskubidea langile batzuk egoera horretara bueltatzeko. Hori bai, kotizazioaren zati gero eta txikiagoa hartzen du bere gain estatuak, hilabeteek aurrera egin ahala. Aurretik erregulaziorik eskatu ez dutenek ere aukera dute espedientea aurkezteko, eta lanean daudenengatik zein itzuli ez direnengatik jasotzen dituzte salbuespenak. Portzentajeak enpresa bakoitzaren egoerara nola egokitu eta ezar daitezkeen aztertuko dute datozen bileretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.