'Dorian'-ek txikizioa eragin du Bahametan, AEBetara bidean

Gero eta indar gutxiago dauka, eta bosgarren kategoriatik bigarrenera jaitsi da. Floridara bidean da, baina ez dago ziur noiz iritsiko den

Abaco Handia uharteko Marsh portua, urakana igaro berritan. CNH / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Poliki ari da mugitzen Dorian, Bahametan inoiz erregistratu den urakanik indartsuena. Asteburutik artxipielagoa gogor jo du, eta pixkanaka AEBetako ekialdeko kostara hurbiltzen ari da, hondamena atzean utzita. Gutxienez bost lagun hil dira azken egunotan. Indarra galdu zuen atzo, baina hazi egin zen, eta Bahametako iparraldeko uharteek euri jasak, haize zakarra eta ekaitz ugari izan zituzten beste egun batez.

Motel bada ere, AEBetara bidean doa Dorian. Dena dela, AEBetako CNH Urakanen Zentro Nazionalak ere aitortu du «ibilbidearen iragarpenaren ziurgabetasuna». Egunotan milioi bat pertsona ebakuatu dituzte AEBetan, urakanak egin dezakeen ibilbidean kalteak saihesteko: Floridako, Georgiako, Hego Carolinako eta Ipar Carolinako herritarrak ohartarazi dituzte, Dorian-ek itsasoko ura eraman baitezake estatu horietara.

Urakana indarra galtzen ari da bidean. Egun bakarrean, bosgarren kategoriatik bigarrenera jaitsi da Saffir-Simpson eskalan. Orduko 260 kilometroko abiadura zeukan astelehen goizaldean, eta 175 kilometro ordukoa, berriz, atzo.

Dorian-ek Bahametan egin duen txikizioa ezingo da behar bezala neurtu urakana guztiz igaro eta erreskate taldeak gunerik kaltetuenetara joan arte. «Bahamen iparraldeko tragedia historiko baten erdian gaude», adierazi zuen Hubert Minnins Bahametako lehen ministroak astelehenean. «Gure helburuak orain bilaketa, erreskatea eta berreskuratzea dira», nabarmendu zuen.

Begia kanpoan

AEBetako kostazainak Abaco uharteetan zeuden, eta zenbait zauritu erreskatatu zituzten. Zauri larriak dituztenak New Providencera eraman dituzte, herrialdeko uharterik jendetsuenera.

Bahama Handia uharteko herritarren babesean eman zuten atzoko eguna, eta urakana artxipielagotik gehiago urruntzeko zain daude. Erresuma Batuak zenbait aditu bidali ditu, urakanak eragindako kalteak konpontzen laguntzeko. Orain, larrialdi egoera AEBetako estatuetara zabaltzen ari da, baina urakanaren begia kostatik kanpo egongo dela espero dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.