Hong Kongen itxialdia egiten ari ziren ikasleen aurka jo du Poliziak

Gutxienez 40 pertsona atxilotu dituzte, eta 24 zauritu: haietako lau, oso larri. Txinak ohartarazi du lurraldearen «egonkortasuna» bermatzeko neurriak hartuko dituela

Segurtasun indarrak zauritutako manifestari bat eramaten, atzo, Hong Kongen. FAZRY ISMAIL / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hauteskundeen atarian, liskarrak piztu dira Hong Kongen. Poliziak unibertsitate politeknikoak itxialdia egiten ari ziren ehunka ikasleren aurka jo zuen atzo. Ondorioz, 24 lagun artatu behar izan zituzten erietxean, eta haietako lau oso larri daude. Horrez gain, Poliziak 40 pertsona atxilotu zituen. Lekukoen arabera, atxilotuen artean daude zaurituei laguntzera joandako hainbat osasun langile ere.

Segurtasun indarrek igande gauean jakinarazi zieten manifestariei eraikinetik irteteko pasabide bat ahalbidetu zutela, betiere manifestariak «armarik gabe eta aurpegia agerian» irteten baziren. Lekukoek salatu zuten, ordea, segurtasun indarrek ez zutela hitza bete, eta eraikinetik irteten ahalegindu ziren manifestariei negar gasa eta gomazko balak jaurti zizkietela.

Poliziak itxi egin zituen unibertsitateko sarrera-irteera guztiak, eta eraikinean zeuden mila inguru manifestariak inguratu. Poliziak argudiatu zuenez, «aurpegia estalia zuten dozenaka istilu sortzaileri aurre egiteko» jaurti zuten gasa, eta ohartarazi zuten «benetako munizioa» erabiltzeko prest zeudela protestariak itxialditik irten ezean.

Txinaren oharra

Ekainean hasi zituzten protestak, Txinak onartu berri zuen estradizio legearen aurka. Eztabaida baretze aldera, Pekinek atzera egin zuen, eta bertan behera utzi zuen araua, baina horrek ez zuen egoera lasaitu. Manifestariek, berriz, Txinaren esku-hartzea salatzen dute, eta gobernu autonomoa aukeratzeko sufragio unibertsala ezartzea eskatzen dute, besteak beste. Izan ere, askok uste dute Pekinen kontrolpean dagoela gobernua, eta haren balizko autonomia ez dela itxurazkoa besterik izango.

Pekinek ez du, oraingoz, inolako asmorik manifestarien eskaerei men egiteko. Geng Shuang Txinako Atzerri ministroak ohartarazi du inork ez lukeela gutxietsi behar Pekinek bere subiranotasuna bermatzeko eta Hong Kongeko egonkortasunari eusteko duen «borondatea». Hong Kongeko Gobernuak, bestalde, ohartarazi du «indarkeriak» bere horretan jarraitzen badu bertan behera utzi beharko dituztela asteburuan egitekoak dituzten hauteskundeak.

Barrutietako ordezkariak dituzte aukeratzekoak datorren igandean Txinaren menpeko eskualdean. Orotara, milatik gora dira hautagaiak 452 eserlekurako. Baina hautagaien zerrendatik at geratu dira dagoeneko gobernuarekin kritiko direnak.

Hori ikusirik, Europako Batasunak maila berean jarri ditu bi aldeak, eta «lasaitasuna» eskatu die. Bruselak «proportzionaltasunez» jokatzeko eskatu die segurtasun indarrei, eta adierazpen askatasuna eta biltzeko eskubidea errespetatzeko galdegin dio gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.