AEBek Irango akordio nuklearretik ateratzeko esan diete EBko kideei

Ekialde Hurbilaren egoeraz hitz egin dute Polonian, Trump presidenteak antolatutako bileran

2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
AEBetako presidente Donald Trumpek Ekialde Hurbileko segurtasunaz hitz egiteko atzo eta herenegun antolatutako goi bileran 60 herrialde baino gehiago bildu ziren, Varsovian. Mike Pence AEBetako presidenteordeak Europako aliatuei Irango akordio nuklearretik ateratzeko eskatu zien, eta AEBek Teherani ezarritako zigorrak babesteko. Europako Batasuneko estatu nagusietako Atzerri ministroak ez ziren bilerara joan, eta ordezkariak bidali zituzten. Federica Mogherini EB Europako Batasunaren diplomazia arduradun nagusia ere ez zen azaldu, ez eta Irango, Palestinako, Turkiako, Libanoko, Errusiako eta Txinako ordezkariak ere. Irango akordio nuklearraz gain, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaz hitz egin zuten bilerara joan zirenek.

«Zoritxarrez, Europako zenbait aliatu nagusik ez digute behar adina lagundu, eta Teherani ezarritako zigorrak kentzeko mekanismoak sortzen saiatu dira», adierazi zuen bileran Pencek. Gehitu zuen jokabide hori «desegokia» zela, eta Iran indartu baino ez zutela egingo horrela jokatuz gero. Mogherini Bruselan mintzatu zen gaiari buruz: «Gure ustez, Irango akordio nuklearraren bidez segurtasuna bermatzen dugu Europan. Iranek arma nuklearrak ez garatzeko modua da, eta hitza betetzen ari dela ikusten dugu». Alemaniako Atzerri ministrorde Niels Annenek Varsoviako bilkuran ziurtatu zuen EB batuta dagoela Irango auzian, eta ez zuela inongo kezkarik.

AEBak iaz atera ziren 2015ean Iranekin egindako akordio nuklearretik, Trumpek hala erabakita. Akordio horretan, Iranek arma atomikoak egiteko aukera baztertu eta programa nuklearra erabilera zibilera mugatzearen truke nazioartearen zigorrak kentzea hitzartu zuen. AEBak akordiotik atera zirenean, zigor ekonomiko handiak berrezarrizizkioten Irani, «herrialdeak inoiz jarritako zigorrik gogorrenak», Trumpen hitzetan.

Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Varsovian azaldu zuen estatu arabiarrekin batuko zela Irani aurre egiteko, eta lankidetza zabaltzea espero zuela: «Gure etorkizuna bermatzeko aldaketa hau beharrezkoa da». PAN Palestinako Aginte Nazionalak kritika gogorra egin dio Varsoviako bilkurari: «AEBak Israelen okupazioa eta palestinarren erabakitzeko eskubidearen ukazioa normalizatzen saiatu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.