Austriako ultraeskuindarrek gobernutik ateratzea erabaki dute

Kurz kantzilerrak kargutik bota du barne ministroa. FPOk barne ikerketa bat abiatuko du

ander perez zala
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Austriako Askatasun Alderdia (FPO) indar ultraeskuindarreko ministroek gobernutik ateratzeko erabakia hartu zuten atzo arratsaldean. Eguerdi aldera, FPOren jarduneko buruzagi Norbert Hoferrek jakinarazi zuen ez zutela halakorik egiteko asmorik, baina, Sebastian Kurz kantzilerrak Herbert Kickl Barne ministroa kargutik bota duela jakinarazi ostean, FPOk bere ministroak koalizio gobernutik ateratzeko pausoa eman zuen.

Austriako Gobernua joan den larunbatean hautsi zuen OVP alderdi kontserbadoreko Kurzek, Alemaniako bi egunkarik argitara emandako bideo batengatik: han agertzen da Heinz-Christian Strache FPOren buruzagi ohia eta asteburura arte kantzilerorde zena, diruaren eta babesaren truke kontratu publikoak eskaintzen. Hori jakin eta gutxira dimititu zuen Strachek, larunbat goizean, eta adierazi zuen hori egitea zela onena haren alderdiak gobernu koalizioan jarrai zezan. Baina herritarrek eta oposizioko alderdiek gehiago eskatu zioten Kurzi, eta hark hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen. Horiek irailean egiteko proposamena egin du jada Alexander Van der Bellen herrialdeko presidenteak.

Eskuin muturreko alderdiak ikerketa bat abiatuko du, jarduneko buruzagiak atzo jakinarazi zuenez. Hoferrek adierazi zuen Kickl babesten jarraituko dutela, eta horregatik hartu dutela gobernutik ateratzeko erabakia; Barne ministroa bera kexu agertu zen egoerarekin, eta Kurzi egotzi zion «soilik bere interesetan» pentsatzea. Bideoa grabatu zen garaian —duela bi urte—, Kickl zen FPOren idazkari nagusia; Austriako kantzilerrak argudiatu zuenez, ikerketa «garbia» bermatzeko hartu zuen erabaki hori.

FPOk Barne, Defentsa, Atzerri, Garraio eta Osasun ministerioak zituen, eta, orain, Kurzek eta Van der Bellenek ordezkoak aurkitu beharko dituzte irailera arte.

Errusiak «zerikusirik ez»

Ezkutuko kamera batekin grabatutako bideoan, kantzilerordea zena ageri da, sofa batean eserita, eta alboan emakumezko bat, oligarka errusiar baten iloba dela esaten duena.

Horregatik, Errusiako Gobernua berehala atera zen esatera «zerikusirik ez» duela gertakari horrekin. «Ezin dugu baloratu, ez duelako zerikusirik ez Errusiarekin, ez gure presidentearekin», esan zuen atzo Kremlinaren eledun Dmitri Peskovek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.