ELB: «Hegaztiak kanpoan uztea hautatu dugu, zigorrak badira ere»

Laborantza Ministerioak plantan jartzen dituen neurrien «zentzugabekeria» salatu du sindikatuak

Garazi Aduriz Zuñeda.
Ainhize Monjolose
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hegazti gripearen aurka, ahateen eta oiloen kanpoko hazkuntzaren aldeko aldarria egin du berriro ere ELB laborarien sindikatuak. Gripea ez da oraino iritsi Ipar Euskal Herrira, baina, Loira Atlantikoa (Bretainia) eta Vendee (Frantzia) departamenduetan agertutako gaixotasunak hegoalderako bidea hartuko duelakoan, Laborantza Ministerioaren presioa jasaten ari dira hazleak hegaztiak barrura sar ditzaten. Neurri horren «eraginkortasun falta» salatu du ELBk, eta uko egingo dio betetzeari: «Hegaztiak kanpoan uzteko hautua egin dugu, zigorrak badira ere».

ELBren arabera, «fauna salbaiak eragiten dituen gaixotasunaren abiaguneak %0,3 dira soilik». Kabalak kanpoan haziz gero, kalitatezko bizia proposatzen diete, hazleei bezala. Horrela, kalitatezko produktua proposatzen ahal diote kontsumitzaileari. Horrez gain, Pettan Prebende oilo eta uso hazleak ziurtatu du ELBk defendatzen duen hazkuntzak eritasunari ihardukitzeko ahalmena ematen diela hegaztiei.

Errua, industriarena

ELBk lobby industrialak ditu hegazti gripearen erantzuletzat. Hazkuntza eredu industrialean, lan banaketa bidez antolatzen dira, ahateak etxalde industrial batetik bestera bidaliz. Hegaztiak garraiatzeagatik hedatzen da birusa. «Datozen egunetan gure eremura iristen bada ez da fauna salbaiagatik izango, leku kutsatuetatik datozen kamioiengatik baizik», gaitzetsi du ELBk. Prefekturak neurriak har ditzan eskatu du, kamioi horien pasabidea debekatzeko.

Gaur egun Ipar Euskal Herrira hegazti gripea iritsi ez bada ere, ELBk salatu du hazleek DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzako ikuskarien kontrolak jasaten dituztela. Ikuskariek hegaztiak kanpoan aurkitzen badituzte, gutun bat bidaltzen diete hazleei, betebeharrak errespetatzeari uko eginez gero prozedura judizial bidez segituko dituztela mehatxatuz.

Presioagatik hazle gero eta gutxiago daudela adierazi du sindikatuak. «Alta, bezero asko daude», erran du Agnes Sallaberri ELBko kideak; «legeak aplikatzeko ezintasunak frenatzen ditu». Arazoari bakarrik aurre egitea zaila dela esan du, eta kanpoko hazkuntzan ari den edozein hazleri ulertarazi nahi izan dio ez dagoela bakarrik. «Kolektiboki gauzak egin ditzakegu», ondorioztatu du Sallaberrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.