Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Etsaia non dagoen

2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
1543. urtean Katalina Gaskonek Baigorriko herria (Lizarraldean kokatzen den herria eta gaur hutsik dagoena) utzi egin behar izan zuen, aspaldidanik Leringo kondearen semearen eskutik pairatzen zuen jazarpen sexualaren ondorioz. Erbestea izan zen urteetan bizi izandako egoerarekin amaitzeko modu bakarra. Urte horietan zehar kondearen semeak Frantziatik etorritako neska gaztea eta beraien jauregian lanean ziharduen neskamea bortxatu zuen behin baino gehiagotan. Baigorrin zehar Katalinaren izen txarra zabaldu zen, kondearen semearen ohelagun bihurtu zela esaten zen, eta inork ez zuen berarekin ezkondu nahi izan —garai hartan adin jakin bateko emakume batengandik espero zitekeena—. Haurdun gelditu zenean, bere jauntxoari semearen ardura hartzea eskatu zion eta, hark uko egin zionean, mehatxuen artean emagin batengana jo zuen abortatzeko, eta herritik ihes egin behar izan zuen. Katalinak ez zuen inongo laguntzarik jaso; izan ere, kondearen familia boteretsuegia zen neskame kanpotar baten alde inor publikoki agertzeko. Katalinaren babesean agertzeak ohorea, etorkizuna, lana eta ondareak arriskuan jartzea esan nahi zuen. Garai horretako emakumeek nekez espero zezaketen komunitatearen inongo laguntzarik jasotzea.

Zaila da oraindik gaur egun emakume batek gizon boteretsu bat salatzea, baina ez ezinezkoa. Me too mugimenduaren ondoren, Weinsteinen kontrako salaketak hasi zirenean, emakume askok aurrerapauso bat eman zuten eta mahaigaineratu zituzten urteetan pairatutako jazarpen sexualak. Me too-k, emakumeen kontrako indarkeria sexuala salatzeaz gain, irteera eman zion gaur bizi dugun Laugarren Olatu Feministari. Orduan, etsaia non zegoen ongi kokatzen jakin izan genuen eta mugimendu global eta intergenerazional bat piztu zen. Baina askotan gertatu zaigun bezala, kostata mantentzen dugu batasuna Mugimendu Feministaren baitan. Aste honetan bertan jakin izan dugu IUk Espainiako Alderdi Feminista kanporatu duela Lidia Falconen alderdia, bat ez zetorrelako bere lan lerroarekin (transexualitatearen legearen inguruan batez ere). Queer teoria eta Mugimendu Feministaren alor bateko desadostasunak hor daude, eta agerikoa da arriskua dugula berriro ere, hamarkadetan egon garen bezala, barne liskarrei begira egoteko eta benetako etsaia zein den ahazteko. Etsai komuna ongi identifikatu beharko genuke, badakigu zein den; sistema patriarkala eta gure gorputzak ustiatzen dituen neoliberalismoa. Aliantza itzela egin dute biek azken urteotan. Ezin ditugu hainbeste indar galdu barne eztabaidetan.

Katalina ez bezala, Placido Domingo, Weinstein eta beste gizon boteretsu asko salatzen ausartu ziren emakume horiek gaur behintzat komunitatearen alde baten babesa jasotzen dute. Beti egonen dira boteretsuaren alde agertuko direnak. Hemerotekara jo baino ez dugu Placidoren izen onarengatik eskua sutan jartzen zituztenak aurkitzeko. Ez harritu, beraz, Ainhoa Artetarekin larrialdietan topo egiten baduzue. Bere garaian, salaketek argia ikusi zutenean, opera abeslariak argi azaldu zuen «mingarria da norbait gogaitu ahal izan dudala entzutea». Akusazioak kontakizun zehaztugabetzat jo zituen orduan, eta gehitu zuen: «Gaur egun erabiltzen ditugun eta erabili behar ditugun arauak eta balioak oso desberdinak dira iraganean zirenetatik». Eta eskerrak ezberdinak diren! Katalinarengandik hona arauak eta balioak zerbait aldatu badira, mugimendu feministak egin duen borrokarengatik izan da noski, eta barne gudetan baino gehiago, horretan jarraitu beharko genuke indarra jarriz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.