mikel elorza
ARKUPEAN

Ondo txertatuta, ondoegi

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ez naiz gurekin batere fio, deklaratu beharra daukat. Oso jator eta zintzoak gara, gehienak bederen, eta on asmoz eta asmo onez dihardugu, baina ni ez naiz fio. Konfinamenduaren aro honetan, beste hainbat zalapartaren artean, asmoen ingurukoak piztu du ene arreta, orain ere kontrara jarduteko.

Esan dezadan hasieratik: ez dut uste krisi honek ezen gerra ez dena, ez dago ez heroi ez martiririk..., aldatuko gaituenik. Pasatuko da eta baldintza objektiboak aldatuko badira ere, kolpe ekonomikoa handia izan baitaiteke eta batzuek pobretuko baitira beti bezala, betiko batzuk pobretuko dira, betiko batzuk ez, gure bizimoduek, ene uste harroan, berdin jarraituko dute. Amaituko da zorigaitzeko istorio hau planetak eskertuko duena, bidenabar esanda!, eta guztiok, edo gehienok behintzat, lehengora itzuliko gara. Ez akaso lehengo lanera, galdu egingo dutelako askok, baina bai lehengo bizimodura. Pasatuko da krisia eta gure egunerokoak estaliko ditu gure on asmoak eta asmo onak, eta orain balkoitik balkoira solaskide dugun auzoarekin, lehen bezala, eskaileretan iepa bat eginda harremanduko gara; gure kultur eta arte trebetasunak tiraderara itzuliko dira; itxialdian zehar akordatu garen eta aspaldiko partez agurtu ditugun lagunak lehengo maiztasun-ezera itzuliko dira; guasap berriek zaharrak estaliko dituzte eta email berriek zaharrak atzera botako; amari, amonari, aitonari... lehen bezain gutxi egingo diogu kasu; eta zaurgarrienekin lehen adina akordatuko gara. Ia deus ez, alegia. Orain denon hizpide diren zaharren egoitzak pixkanaka beren lehengo egoerara itzuliko dira, itzuliko dira gure bizi-hondakinen sei edo zazpigarren edukiontzia izatera (gris kolorekoa, nola ez). Mugimendu feminista ahaleginduko da ekartzen zaintzaren gaia eta bizitza erdigunera aspaldian hark mantentzen du tentsioa eta zentzu sozial apurra, hainbat ekintzaile eta langilek eutsiko diote, baina orokorrean iruditzen zait errutina, dakarren guztiarekin, gailenduko dela eta euria (edo negarra) itsasoan bezala urtuko direla gure asmo solidarioak.

Ez diot, noski, gertatzen ari diren zenbait fenomenori garrantzia kendu nahi. Elkartasun-olde bat ikusi da, eta jakina da larrialdia pasatuta horri egunero ezin zaiola eutsi askori barruan daramaten polizia edo egoista zorrotza ere kaleratu zaio, baina sikiera badakigu potentzialitate hori hor dagoela eta eguneroko bizimodu arruntean hori kanalizatzen eta artikulatzen asmatzen bada inoiz, bada primeran.Baina errezeloa dut ohikoaren alperrak luze gabe zapalduko gaituela.

Ez-zahar den bat hiltzen denean gertatzen da: hurkoek elkarri esaten diote bizitza aprobetxatu beharra dagoela, di-da batean doala, gutxien espero duzunean, eta bizi beharra dagoela. Horrekin ez dugu entenditzen parranda eterno batean murgildu behar dugunik, ezpada benetan garrantzia duten gauzei erreparatu behar diegula, lan- eta makina-bizimodua utzi eta ametsen bila abiatu, tarteka behintzat; aspaldi ikusi gabeko harekin egon, aurrez aurre, ez birtualki, aingura bota inoizka eta pausa egin egoteko, gozatzeko, urliari muxu bat emateko, sandiarekin paseo bat, berendiarekin kafe bat, desioei jaramon egiteko... Horrelakoez gabiltzala entenditu nahi dut, bizitza aprobetxatzeaz dihardugunean. Baina hildakoa erraustu edo ehortzi eta gutxira denak lehengora itzultzen gara. Batzuk hutsune batekin, maiz hutsune handi batekin. Baina lehengora.

Orain ere hala izango delakoan nago. Batzuek, zoritxarrez, hutsune batekin gogoratuko dute aro hau; beste askok bizi izandako esperientzia gisa; baina oso gutxik benetan aldatu gintuen garai bezala, komunitate moduan aldatu gintuen garai gisa. Txerto gehiegi hartu dugu, edo sartu digute, birus horren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.