Tripoliko indarrek Al-Watiyako base militarra berreskuratu dute

Tunisiako mugan dagoenez, Tripoliko indarrek estrategikotzat jo dute base militarra

arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Batasun Nazionaleko Gobernuaren indarrek urrats bat egin dute Khalifa Haftarren aurkako borrokan. Mohamed Gnunu bozeramaile militarrak atzo jakinarazi zuenez, Al-Watiya base militarra berreskuratu dute, azken bost urteetan Haftarren kontrolpean egon dena. Basea Tunisiako mugatik gertu dago, eta, hura menperatuta, militarrek Tripoli hegoaldearen defentsan jar ditzakete indar guztiak. The Libya Observer egunkariak zabaldu duenez, base militarra berreskuratzeko erasoaldian airekoen aurkako defentsa sistemak bereganatu dituzte gobernuko indarrek.

Haftarrek iazko apirilean hasi zuen hiriburua bereganatzeko erasoaldia, eta hilabete gutxian herrialde osoa kontrolpean izango zuela iragarri zuen. Fayez al-Serraj buru duen gobernuak, ordea, Errusiaren laguntza izan du, eta horri esker geldiarazi du erasoaldia. Duela hilabete, hala ere, Al-Serrajek eta haren aliatuek kontraerasoa abiatu zuten, eta horren emaitza izan da base militarra berreskuratu izana.

Haftarren indarrentzat porrot handia da Al-Watiya galdu izana. Hiria kontrolpean izan dute azken bost urteotan, eta hura zen mendebaldean euren menpe zegoen azken hiria. Maiz base hura bera baliatu izan dute, baita ere, gobernuaren aldeko tropak bonbardatzeko, bai herrialdearen mendebaldean, baita hegoaldean ere.

Orain, Al-Watiyako basea euren esku dagoela baliatuta,Al-Serrajen indarrek ekialdera joko dute, Tarhunah hirira.

Bestalde, Libiako Atzerri Ministerioak iragarri du base militarrean aurkitutakoek «argi eta garbi» uzten dutela Haftarren indarrek urratu egin dutela NBEko Segurtasun Kontseiluak ezarritako arma bahimendua. Ministerioko iturrien arabera, izan ere, Arabiar Emirerri Batuek eman zioten Haftarri hegazkinen aurkako defentsa sistema. Hala, Mohamed al-Giblawi Atzerri ministroak jakinarazi du Arabiar Emirerri Batuen aurkako salaketa bat jarriko dutela Nazioarteko Zigor Auzitegian, Haftarri laguntza militarra ematea leporatuta.

Ia hamar urte luzatu da Libiako gerra. Gatazka 2011n piztu zen, nazioarteko indarrek Muammar Gaddafi agintetik kentzearekin batera. Azken hilabeteetan, ordea, borrokek okerrera egin dute eta, Tripoliko iturrien arabera, milatik gora hildako utzi ditu Haftarrek iazko apirilean hasitako erasoaldiak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.