Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Ordena

2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
1844. urtean sortu zenetik, Guardia Zibila Espainiako Estatuaren polizia indar nagusia bilakatu zen. Ahumadako II. dukeak Benemerita sortu zuen garaian, Guda Karlistaren ondorengo urteetan, Estatuaren interes nagusia ordura arte nekez kontrolatzen zituen lurraldeetan ordena mantentzea zen, beraien hitzetan «ordena publikoaren defentsa» egitea. Hasieratik Guardia Zibila beti izan zen landa eremuetan botere zentralaren ikur. Laburbilduz, Guardia Zibila momentuko gobernua babesteko, Madriletik kanpo legeak betearazteko eta erregimenaren etsai potentzialak saihesteko jaio zen. Gaur, Espainiako Konstituzioaren arabera, Espainiako Gobernuaren agindupean, Guardia Zibilaren eginkizun nagusia espainiarren eskubide eta askatasunak babestea da eta herritarren segurtasuna bermatzea.

Kuriosoa iruditzen zait nola Konstituzioan garai batean Guardia Zibilaren esentzia jasotzen zuen ordena hitzari eskubide eta askatasun hitzek erreleboa hartu dioten. Eta kuriosoa, era berean, ordenaren oso aldeko bi alderdik, hain zuzen ere, Ciudadanos eta Voxek, hemendik aurrera Ciudadanox izendatu ditzakegun alderdiek, igande honetan Altsasun Estatuko Segurtasuneko erakundeen defentsaren alde dauden herritar eta alderdi konstituzionalistei egindako deialdia. Albert Riverak bere Twitterrean deialdia zabaldu zuenean zera esan zuen: «Espainian askatasuna eta berdintasuna defendatu behar ditugu. Nafarroako duintasuna ere defendituko dugu». Kuriosoa, beraz, askatasunaren eta berdintasunaren izenean dagoeneko nahikoa sufritu duen herriari egiten dioten probokazioa. Ordenaren oso aldekoak omen dira, baina Altsasuren bakea eta ordena apurtzeko enbarazurik ez dute kasu honetan.

Eta ordena behin eta berriro errepikatzen den kontzeptua dela ohartzen naiz espetxeratutako Altsasuko gazteen kasuan, baina baita Estatu mailan izan diren beste kasu askotan ere. Kontzeptu horretaz ari direnean noski Estatuaren ordenaz ari dira, haien ustetan Espainiako hiritar eta herritar ona izateko funtsezko balioaz noski. Askatasuna eta berdintasuna bezalako hitzak erabiltzen dituzte beraien diskurtsoa autoritarismotik aldentzeko, baina helburua zein den badakigu; gizartea diziplinatzea eta beldurtzea, mugetatik aldentzen diren guztiak zigortuak izanen direla oroitaraziz. Horretarako Guardia Zibila tresna paregabea izan da urte luze hauetan eta ez du bere sorreran jasotako helburua galdu, landa eremuetan eta Estatuak nekez kontrolatzen dituen lurraldeetan ordena mantentzea.

Ordena nahi dute Ciudadanoxekoek, ordena eta, batez ere, publizitatea. Mesede txikia eginen genioke Altsasukoak Aske mugimenduari alderdi ultraeskuindar horien probokazioari erantzunen bagenio. Ez nago ziur zein izan behar duen gure erantzunak; Marinaledako herriak PPk mitin bat antolatu zuenean egin zuen bezala etxeetan sartu, dendak eta negozioak itxi eta, horrela, ez ikusiarena egin; edo jai alai, aske eta koloretsu bat prestatu. Bigarren hori martxan jarriz gero, arren, eskaera bakar bat, ahalik eta libreeta kaotikoena izan dadila, ordena hitza inondik agertu ez dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.