Krisi politikoa eragin du Hamasen eta Israelen arteko su-etenak

Israelgo Defentsa ministroak dimisioa aurkeztu du, ez dagoelako ados Netanyahurekin

2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Israelen eta Hamasen milizianoen artean azken egunetan izandako borroken ondoren, herenegun su-etena adostu zuten bi aldeek. Erabaki hori dela eta, Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministroak dimisioa aurkeztu du. Ez dago ados su-etenarekin; adierazi du Israelgo Gobernuak amore eman duela «izuaren» aurrean. Horrez gain, beharrezkoa iruditu zaio hauteskundeak aurreratzea. Berez, datorren urterako daude deituta.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, aldiz, babestu egin du su-etena. Jarrera horrez gain, Liebermani ez zaizkio gustatu Netanyahuk hartutako beste zenbait erabaki. Hala nola ez du begi onez ikusi trabarik ez jartzea Qatarrek Gazari emango dion diru laguntzari. 150 milioi dolar izango dira, eta hamabost milioi eman dizkio jada Gazako funtzionarioen soldatak ordaintzeko. «Terroristei emango zaie dirua, etengabe Israeli erasotzen ari direnei», kexatu da Lieberman. Qatarrekin batera, Egipto eta Nazio Batuen Erakundea ere bitartekaritza lanak egiten ari dira Hamasen eta Israelen arteko su-eten iraunkorra lortzeko.

Liebermanek dimisioa eman du, eta esan du bere alderdi Yisrael Beitenuk ere gobernua utziko duela. Bost alderdik osatzen dute koalizioa, eta, Liebermanen alderdiaren sostengurik gabe ere, Likudek gehiengoari eutsiko dio Israelgo parlamentuan.

Hamasek ere eman du bere iritzia Liebermanen dimisioaren inguruan. Hamasek uste du «garaipen politikoa» dela Defentsa ministroak kargua uztea. «Honek erakusten du ezin diotela aurre egin erresistentzia palestinarrari, eta porrota da Israelentzat».

2014tik dabiltza elkarri erasoka Hamas eta Israel. Ordutik, Gaza blokeatuta dago; ez dute bi aldeen arteko adostasun eta su-eten iraunkorrik lortu. Hori dela eta, barealdiak egon izan diren arren, edozein momentutan piztu daiteke gatazka, igandean gertatu zen bezalaxe. Israelgo zerbitzu sekretuetako kideak «ezkutuko operazio bat» egiten ari ziren Gazan, eta, Hamaseko milizianoek atzeman zituztenean, elkarri tiroka hasi ziren. 2014ko udan, zazpi astez egon ziren gerran, eta azken egunotakoak ordutik izandako gertaerarik larrienak izan dira: hamasei palestinar eta soldadu israeldar bat hil dira. Herenegun arratsaldean iragarri zuten su-etena, baina Liebermanek adierazi zuen erasoekin jarraitu behar zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.