Pauso bat berdinzaleago

Emakumeek orain arte baino presentzia handiagoa izango dute aurten Elkanoren lehorreratzean, Getarian. Kontzertuak izango dira iluntzean

2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Elkanoren lehorreratzea irudikatuko dute gaur Getarian (Gipuzkoa), 17:00etan. Bertan biltzen direnek bidaia egingo dute 1522ra. Lehorreratzearen berritasun nagusia da udalak parekidetasunean sakontzeko lana egin duela. Orain arte, emakumeek kontinenteetako ordezkarien rolak bete zitzaketen soilik: aurten, lehenengoz, Elkanoren eta haren eskifaiarenak ez diren postuak betetzeko aukera izan dute. Hain zuzen, zozketa bidez aukeratu dituzte eskifaiakoak ez diren postu horiek: 23 dira guztira. Hamabi gorde dituzte emakumezkoentzat, eta 11 gizonezkoentzat.

Lau urtez behin antolatzen duten antzezpenaren helburua da herriko pertsonaiarik ospetsuena omentzea. Nao Victoria itsasontziarekin munduari bira eman osteko Elkanoren lehorreratzea irudikatzen du antzezlanak. Elkano eta haren eskifaiako kideak elizara joango dira, herrira itzultzen laguntzeagatik eskerrak ematera. Ondoren, Karlos I.a enperadoreari bisita egingo diote. Enperadoreak, balentria goraipatzeko, armarri bat emango dio, eta Elkanori egindako ereserkia abestuko dute herritarrek.

Festa eguna izango da Getarian. Antzerkiaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko: 12:00etan KaiƱa-Biren trikifestak girotuko ditu Getariako kaleak. Lehorreratzearen ostean, 20:00etan, Kolpez Blaik perkusio ikuskizuna emango du, herriko kaleetan barrena. Txosnetan, afari berezia antolatu dute: bakarrizketa afaria, 21:00etan. 23:00etatik aurrera, berriz, Anita Parkerrek eta Skakeitanek kontzertua emango dute. Emanaldien ostean, txosnen iraultza ekitaldia egingo dute.

Elkanoren lehorreratzea

Gaur, 17:00etan,

Getarian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.