Unibertsitatea da horietako bat: Euskal Herrian egindako lehenengo unibertsitatea izan zen. XVI. mendetik XX. mendera egon zen martxan, eta hura zen Euskal Herriko bakarra: 1901. urtean itxi zuten. San Migel parrokia da bisiten bigarren geldialdia. 300 urtean egin zutenez, hainbat estiloren arteko nahasketa antzeman daiteke horren hormetan, gotikotik hasi eta neoklasikora arte. Elizaren klaustroa da eraikinaren ezaugarririk berezienetako bat: erreka batek gurutzatzen du, eta ez dauka parekorik, turismo bulegotik azaldu dutenez.
Irailean, bisita mitologikoa
Azken xehetasunak ixteko badituzte ere, irailaren 15ean beste bisita berezi bat eskainiko dute: bisita mitologikoa. Herriko monumentuetan dauden erreferentzia mitologikoak azalduko dizkiete bisitariei, «beste ikuspegi batetik». Esaterako, Herkulesen irudia dago unibertsitateko fatxadan, eta eraikinaren egileak haren inguruko zein uste zituen-eta azalduko dute.
Sarrerak turismo bulegoan erosi behar dira: bisita hasi baino bost minutu lehenago joatea nahikoa da parte hartu ahal izateko. Bisitaren hizkuntza taldearen arabera aukeratzen dute; gehienetan gaztelaniaz izaten dira.