Espartinak soinean
Tradizio handiko oinetakoak dira espartinak Maulen, eta, urtero bezala, espartinaren festa egingo dute gaur Zuberoako hiriburuan; 10:00etatik aurrera izango da, plazan. Jende ugari biltzen da azokara, bertan egiten baitituzte espartinak, eskuz; aukera izango da ikusteko nola egiten dituzten hutsetik, baita garai batean nola egiten zituzten ezagutzeko ere.
Eskulangileen azokaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira, egunari jai giroa emanez, eta doan izango dira guztiak. Goizean, udalak bost kilometroko ibilaldia antolatu du espartinak jantzita egiteko; lehenengo aldia dute, eta 11:15ean izango da. Pilota partidak eta Zuberoako dantzak tartekatuko dituzte frontoian, 11:30etik aurrera. Eguerdian, Xiberoko Zohardia taldearen kantuek eta dantzek girotuko dute Maule, aperitifarekin batera.
Zuberoako espartinaren historiaz hitz egingo du Joel Larroquek 14:00etatik aurrera. Arratsaldean, Elgarrekin taldeak herri kirolen eta dantzen erakustaldia egingo du, 15:30etik aurrera. Xistera partida bat izango da gero, 17:00etan. Horrez gain, bertako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere izango da, eta musika egongo da etengabe, eguna alaitzeko. Jean Mixel Bedaxagar han izango da, bestalde: Zuberoako dantzari eta kantariei buruz egin duen Aitzina Pika liburua sinatzen egongo da, hain zuzen ere.
Beheraldi bat izan bazuen ere, espartinak modan jarri dira berriz; hein batean, kolore desberdinetakoak egiteari esker izan da. Gustu eta hanka guztientzako modukoak izango dira gaur Maulen erosgai.
Espartinen festa
Gaur, 10:00etatik aurrera, Mauleko plazan.Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.