Euskal kulturaren jaia

Alproja taldeak '40 sinfonia' antzerkia egingo du bihar, Zarautzen, bere 40. urteurrenean. Karro lehiaketa eta erromeriak ere egingo dituzte

Musika plazan erromeria egingo dute trikitilariekin, bihar, 22:30ean. Kalejiran joango dira Iñurritzatik. J. URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Zarautzen (Gipuzkoa), euskal astean murgilduta daude, eta biharkoa izango da egun nagusia. Goizean goizetik gaueko ordu txikiak arte festa izango da herrian,eta hamaika ekitaldi daude antolaturik.

Eguerdian, Alproja taldeak 40 sinfonia antzerkia eskainiko du, Munoan, bere 40. urteurrenean. «Zarauztar zintzo izateko hainbat modu» ikusi ahalko dira antzezlanean; herriko kaleetan egingo duten kalejira baten ondoren hasiko da urtero jendetza biltzen duen ekitaldia. Amaitzean, Euskaraokea izango da, estreinakoz, Joxe Mendizabalekin.

Aurreko urteetan bezala, karro lehiaketa ere egingo dute euskal jaian, eta sari banaketa egingo dute 13:30ean, Lege Zaharren Enparantza plazan.

Erromeriak eta kalejirak

Musika plazan, Lizarrako larrain dantza herrikoia egingo dute 14:00etan, dultzaineroekin, eta 17:30ean kalejira abiatuko da bertatik Iñurritzara. Izan ere, estreinakoz haurren txokoa jartzeaz gain, erromeria egingo dute bertan, 18:30ean, Bide batez taldearekin.

Hala ere, jaia goizean goiz hasiko da, 07:00etan herriko kaleetan egingo duten dianarekin. 08:00etan, Goiztarrak taldekoek garai bateko hainbat pertsonaia irudikatuko dituzte, kalez kale, eta gero, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak ibiliko dira. Pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira goizean Frontoi Txikin.

Iluntzean, erromeria izango da Musika plazan, trikitilariekin, eta dantzaldia Munoan, Oxabirekin.

Euskal jaia



Bihar, egun osoan zehar, Zarautzen (Gipuzkoa).

 

Jaialdia
Grafitiak, rap musika eta trap musika



Grafiti jaialdia egiten ari dira Uharte Arakilen, atzotik bihar arte. Rap eta trap musikaz gain, tailer eta jarduera ugari izango dituzte hip-hoparen zaleek. Jaialdian egindako muralak mantenduko dira.


Cantamañanas jaialdia
Gaur eta bihar, Uharte Arakilen
(Nafarroa).

 

Erakusketa
Auto klasikoak eta solidarioak


Auto klasikoen eta berezien topaketa solidarioa egingo dute bihar, Bilbon. Aspaldiko autoak erakustearekin eskuratutako dirua Donohue sindromea duen Bilboko haur bati emango diote.


Auto klasikoen topaketa
Bihar, 10:00etatik 14:00etara,
Bilboko Gernika lorategian.

 

Jaia
Kirolaren garrantzia euskal jaietan



Donostiako euskal jaietan, kirolak garrantzia izango du gaur: goizean, Kontxako igerialdia eta Urgulleko krosa egingo dituzte. Mutxikoak ere egongo dira, eta Basque Beer Fest egun osoan.


Euskal jaiak
Gaur, egun osoan zehar,
Donostian.


 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.