Teknologiaren erraiak

Zibersegurtasuna izango da Euskal Encounter topaketaren ardatz nagusia. Bihartik igandera bitartean egingo dute, BECen, Barakaldon

2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Euskal Encounter, informatika eta teknologia berrien topaketa, Barakaldoko BECen (Bizkaia). Security Awareness lelopean aurkeztu dute 26. topaketa, eta zibersegurtasuna izango da topaketaren ardatz nagusia. Horrez gain, beste hainbat gai landuko dituzte datozen egunetan: software librea, arte digitalak, bideo jokoak eta hardwarea, besteak beste.

Hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo topaketak, Opengunekoa nagusiena: aurreko edizioetan baino eremu handiagoa emango diote. Horri loturik, gainontzeko urteetan baino jarduera gehiago antolatu dituzte: 50 hitzaldi eta tailer emateaz gain, bisitariek teknologiarekin zuzeneko harremana izateko postuak jarriko dituzte. Gune horren berezitasuna da doakoa dela, eta edonorentzat irekia.

Sukaldaritza eta teknologia

Gainera, topaketan oinarrituta, Etxanobe jatetxeko Fernando Canales sukaldariak teknologia eta sukaldaritza uztartzen dituen mokadu bat sortu du. Sukaldariaren hitzetan, «hiru dimentsioko dastamen esperientzia sortzea» izan da helburua. Berrikuntza horiez gain, antolakuntza taldeak hobetu egin du Euskal Encounterreko zirkuitua: droneen arteko lasterketak egingo dituzte, baita Gamegune 18 bideo joko txapelketa amateurraren finala ere.

Milaka bisitari eta 8.000 parte hartzaile baino gehiago izango dira aurten Euskal Encounterren. Topaketaren helburua da teknologia berrien hedapena bermatzea: BECen biltzen direnek igandera arte izango dute aukera informatika eta teknologia berrien inguruko ezagutza lortzeko.

Euskal Encounter

Bihartik igandera arte,

Barakaldoko BECen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.